Politika -

Ertzaintzaren burua

Erkoreka: 'Aldekoak ez zuen ardurarik Cabacas hil zen operatiboan'

EH Bilduk gogor kritikatu du Aldekoaren izendapena eta erabakia "lotsagarria" dela adierazi du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jorge Aldekoa Ertzaintzako buru berriak Iñigo Cabacas gaztea hil zen operatiboan parte hartu zuela baina operatibo horretan ez zuela “erantzukizun zuzenik” izan zehaztu du gaur Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak.

Jorge Aldekoaren izendapenak polemika piztu du zenbait alorretan, Iñigo Cabacas gaztea hil zenean Bilboko Ertzaintzaren arduraduna zelako.

Erkorekak azaldu duenez, Aldekoa Bilboko Ertzain-etxearen burua zen, eta, horrenbestez, "egun horretako polizia dispositiboen diseinuan" parte hartu zuen.

"Baina gauza bat da baliabideak esleitzeko dispositibo orokorrean parte hartu izana, eta beste gauza bat dispositibo horretan zuzenean parte hartu izana edo erantzukizun zuzena izatea", gaineratu du.

EH Bildu: 'Izendapena lotsagarria da'

Bestalde, Iñigo Cabacas hil zuen operatiboko burua Ertzaintzako buru izendatu izana kritikatu du EH Bilduk. “Ertzaintzaren lehentasunak Cabacasen heriotza argitu eta ardurak garbitzea” izan behar duela gaineratu du koalizioak.

Julen Arzuagaren hitzetan, “lotsagarria” da Jaurlaritzak Aldekoa Ertzaintzako buru izendatzea. “Aldekoaren izena eta polizia eredu berria esaldi berean jartzea guztiz lotsagarria iruditzen zaigu, sarkasmoa”, gaineratu du.

Horren iritziz, Segurtasun Sailak argitu beharko luke “zergatik hartu duen erabaki hori, zer zor dioten Aldekoa jaunari, zer nolako zerbitzuak saritu nahi dituzten igoera honen bitartez”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea