Politika -
Ikerketa batzorderik ez
Legebiltzarrak errefusatu egin du Iñigo Cabacasen heriotza ikertzea
EAJk, PSE-EEk, PPk eta UPyDk ikerketa batzorde bat sortzearen aurka bozkatu dute, epaitegietan auzia irekita dagoela argudiatuta.
Erredakzioa
Eusko Legebiltzarrak ez du ikerketa batzorde bat sortuko Iñigo Cabacasen heriotza argitzeko, EH Bilduk baino ez baitu bozkatu alde.
EAJk, PSE-EEk, PPk eta UPyDk aurka egin dute, batzordea sortzea ez dela "beharrezkoa" argudiatuta. Horren ildotik, Bilboko epaitegi bat auzia ikertzen ari dela gogorarazi dute, eta EH Bilduren helburua Ertzaintzari "zilegitasuna kentzea" dela nabarmendu dute.
Iñigo Cabacas iazko apirilaren 9an hil zen, Ertzaintzaren pilotakada batek jota.
Taldeen adierazpenak
Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, Gasteizko Ganberak erantzukizun politikoak ikertzen ez baditu, "ez dute beste inon egingo". Horrenbestez, horren esanetan, ikerketa judiziala eta parlamentarioa bateragarriak dira.
EAJren aldetik, ikerketa batzordea eratzeak ez duela gertatutakoa "argitzen" lagunduko esan du Iñigo Iturratek, ikerketa ez litzatekeelako epaileena bezain "objektiboa" izango. "Interes alderdikoiek baldintzatuko lukete", gaineratu du.
Mikel Unzalu sozialistak zalantzan jarri du koalizio abertzaleak "egia" nahi ote duen, eta batzordea sortzeko proposamena lehenago aurkeztu ez izana deitoratu du.
Azkenik, Gorka Maneirok (UPyD) baztertu egin du Ertzaintzak gaiztakeriaz jokatu izana, eta Iñigo Cabacasen heriotza "zorte txarraren ondorio" izan zela iritzi dio.