Politika -
'Parot doktrina'ren amaiera
Amaiurrek presoen senideen aurkako erasoak sustatzea leporatu dio PPri
Onintza Enbeita diputatuak gogorarazi duenez, Murcia II espetxera bisita bat egitera joan ziren senide batzuek erasoa jasan zuten atzo.
Erredakzioa
Onintza Enbeita Amaiurren diputatuak euskal presoen senideen aurkako erasoak "sustatzea" leporatu dio PPri. Izan ere, atzo, Murcia II espetxera bisita bat egitera joan ziren senide batzuek erasoa jasan zuten. Ustezko 'ultra' batzuk harrika egin zieten furgonetan zihoazenean, baina zorionez ez zen zauriturik izan.
Enbeitaren arabera, Mariano Rajoyren Espainiako Gobernuak, 'Parot doktrina' bertan behera geratu ostean libre uzten dituzten presoen kasuan, PPk "ez du azaltzen zergatik dauden kalean, eta zigorra beteta dutela. Horrek nahasmena sortzen du eta lintxamendu soziala eta mediatikoa".
Enbeitak Bilbon emandako prentsaurreko batean salatu ditu "erasoak", eta datorren asteartean Diputatuen Kongresuan aurkeztuko duen mozioaren berri eman du.
Mozio horretan polizia-etxeetako torturak salatzen dituzte, eta atxilotuen inkomunikazio aldia amaitzea exijitzen dute. Era berean, Estatuak tortura salaketa guztiak ikertzea, nazioartearen aholkuak aplikatzea eta biktimei beharrezko laguntza guztia ematea eskatzen dute.
Enbeitak azaldu duenez, Estatua "iraganera" itzuli da bai torturen kasuan, bai ezker abertzaleari egiten dion "espioitzan".