Politika -
Urtarrilaren 11n
Tantaz tantak kaleak bete nahi ditu, kartzela politika aldarazteko
Bilbon deitu duten manifestazioa aurkeztu du Tantaz tanta ekimenak. "Euskal Herrian historia hurbilean izan den eremu publikoaren okupaziorik handiena" espero dute manifestazio horretan.
Erredakzioa
"Tantaz tanta" izeneko ekimena aurkeztu dute gaur. Ekimenaren helburu nagusietako bat kartzela-politikan aldaketak eskatzeko urtarrilaren 11n Bilbon egingo duten manifestazioa izango da, presoen egoera "bakea lortzeko oztopoa" dela uste baitute.
Gernikan eman dute mobilizazioaren berri, hainbat alderdi eta eragile abertzaletako ordezkariak bertan zirela. Gainera, babesa agertu diote ekimenari euskal gizarteko hainbat alorretako pertsona ezagunek, Toti Martinez de Lezea eta Jon Arretxe idazleek, Joseba Tapia musikariak, Pirritx eta Porrotx pailazoek, Paco Letamendia EHUko irakaseak eta Miren Amuriza bertsolariak, besteak beste.
Ekimenaren sustatzaileek "Euskal Herrian historia hurbilean izan den eremu publikoaren okupaziorik handiena" espero dute urtarrilaren 11 horretarako. Kartelik eta adierazpen politikorik gabe egingo omen dute presoen eskubideen aldeko aldarrikapen-ekitaldia.
'Tantaz tanta' ekimenaren aurkezpena Astra kultura aretoan egin dute, hainbat 'performance' eta dantza garaikideren ikuskizun artean, eta irakurri duten adierazpenaren arabera, euskal gizartearen "gehiengoak" irtenbidea eman nahi dio presoen egoerari.
Hiru oinarrizko aldarrikapen
Horren harira, "hiru oinarrizko aldarrikapen" egin dituzte: sakabanaketa amaitzea, gaixo dauden presoak askatzea eta Estrasburgoko Auzitegiak 'Parot doktrina'z ebatzi zuena errespetatzea.
Bestalde, Tantaz tanta ekimeneko antolatzaileen arabera, Bilboko ekitaldiarekin ez dute "ahazten ezta gutxiesten gure jendartearen baitan pertsona gehiegik pairatu behar izan dituzten sufrimendu anitzak".