Politika -

Eusko Legebiltzarra

Urkullu: 'EAJ-PSE-PP itunak Aurrekontuak onartzeko bidea erraztuko du'

Datozen hiru urteetan 29 lege onartu nahi ditu Jaurlaritzak, horietatik 13 2014. urteko lehen seihilekoan, zazpi bigarrenean eta gainontzekoak 2015. urtean.

Iñigo Urkullu, Josu Erkorekarekin. EITB.
Iñigo Urkullu, Josu Erkorekarekin. EITB.
Hezkuntza, osasun eta gai sozialetarako diru gehiago

1:28

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariaren ustez, EAJ-PSE-PP hitzarmenak 2014. urteko Aurrekontuak onartu ahal izateko "giro aproposa" ahalbideratuko du.

Urkulluk Eusko Legebiltzarrean aurkeztu du gaur legealdi honetako legegintza programa. Jaurlaritzak aurreikusitako egutegia “partehartzeilea, errealista eta konprometitua” dela adierazi du lehendakariak. Bertan jasotako 29 legeak onartu ahal izateko "adostasun zabalak" lortu beharko dituztela onartu du Urkulluk.

Gaur aurkeztutako proposamena "irekia eta malgua" dela esan du. Izan ere, datozen hiru urteetan 29 lege onartu nahi ditu Jaurlaritzak, horietatik 13 2014. urteko lehen seihilekoan, zazpi bigarrenean eta gainontzekoak 2015. urtean.

Egitasmo horren helburua “oinarrizko zerbitzuak” bermatzea eta “irmotasunez kudeatzea izango da. Defizit muga beteko du Jaurlaritzak, eta Osasun, Hezkuntza eta Babes Sozialerako diru gehiago bideratuko du datorren urteko Aurrekontuetan.

Urriak 15ean Finantza Publikoen euskal Kontseiluak lortutako akordioari esker, Jaurlaritzak 349 milioi euro gehiago izango ditu datorren urtean.

Proiektu nagusiak

Administrazio publikoaren “eraginkortasunean” sakonduko du Gobernuak, arlo honetan izandako “zorroztasuna” mantenduz.

Jaurlaritzaren egutegian aurreikusitako egitasmoen artean Udal Legea aipatu du Urkulluk. Arau horrekin euskal erakundeen arteko erlazioak zehaztuko dira. Udal Legea datorren urteko apirilean iritsiko da Legebiltzarrera.

Hirugarren sektorea arautzeko dokumentua, enplegua sortzeko neurriak eta leihakortasuna handitzeko proiektua ere eramango ditu Jaurlaritzak Gasteizko ganberara.

Horrez gain, Enplegua sustatzeko Legea, Poliziaren inguruko, Herri Administrazioarena eta Emakume Nekazarien Estatutua ere eztabaidatuko dituzte datorren urtean.

Oposizioa kritiko, baina negoziatzeko prest

Eusko Legebiltzarrean oposizioan dauden taldeak bat etorri dira Jaurlaritzak "geldi" dagoela kritikatzeko orduan; dena dela, Euskadik behar dituen legeak onartzeko negoziatzeko prest daudela agertu dute.

Laura Mintegi EH Bilduko bozeramailearen iritzian, Jaurlaritzak proposatutako lege egutegiak ez ditu benetako arazoak konpontzen. Horren adibide, bere esanetan, Enplegu Legea 2015era atzeratzea edo Kontsulta Legea ez aurreikustea. Nolanahi ere, eta azken hau hizpide hartuta, EAJk erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimenik balu, bere taldea "bidelagun" izango lukeela iragarri du.

Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak sozialistek duten "ekarpenerako eta blokeo ezerako duten borondatea" azpimarratu du, baina ingurugiro alorrean Jaurlaritza "geldi" egotea kritikatu du. Kooperatibak erreformatzeko Legeari dagokionez, kooperatiben eredua indartzeko eskatu dio EAJri, "proiektu ekintzaileak aurrera ateratzeko oso baliagarria" dela argudiatuta.

Borja Semper Alderdi Popularrak Legebiltzarrean duen bozeramailea ere ildo beretik mintzatu da, eta EAJrekin "herri akordioak" lortzen laguntzeko borondatea azaldu du. Dena dela, legeak aurrera ateratzeko Jaurlaritza "geldo samar" dabilela iritzi dio Semperrek: "Lehendakari izendatu zutenetik 10 hilabetera ezer berririk ez dakarren legeen egutegia aurkeztea eta Enpleguaren Legea 2015era atzeratzea dira horren adibide", esan du.

Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkidea izan da hitza hartzen azkena. Orain arte Jaurlaritzak "legeak aurrera ateratzeko izan duen ekimen eza" kritikatu du Maneirok, baina, hori gorabehera, "jarrera eraikitzailea" izango dutela agertu du. Nolanahi ere, Gardentasun Legea eta Lurralde Historikoen Legearen erreforma faltan bota dituela erantsi du UPyDko legebiltzarkideak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea