Politika -
Otsailera arte luzatuko da
'Herriko tabernen auzi'ko epaiketa gaur hasiko da Auzitegi Nazionalean
Baltasar Garzon epailea sumarioaren izapideak egiten hasi zenetik hamaika urte bete direnean epaituko dute auzia. Prozesua otsailera arte luzatuko da.
Erredakzioa
ETAren finantziazioaren eta herriko tabernen arteko ustezko lotura ebatziko duen epaiketa ostegun honetan hasiko da, Auzitegi Nazionalean, Baltasar Garzon epailea sumarioaren izapideak egiten hasi zenetik hamaika urte bete direnean eta Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaile ohia auzitik at utzi ostean. Otegi Bateragune auziagatik zigortu dute dagoeneko.
Epaiketa otsailera arte luzatuko da Auzitegi Nazionaleko egoitzan, San Fernando de Henaresen (Madril). 36 pertsona eseriko dira akusatuen eserlekuan, banda armatuko kide izatea egotzita.
Besteak beste, Joseba Permach (gaur deklaratuko du) eta Rufi Etxeberria Batasuneko buruzagi ohia epaituko dituzte. Fiskaltzak bakoitzarentzat 12 urteko kartzela-zigorra eskatuko du. Otegi, Jose Luis Elkoro, Josefa Mikel Garmendia eta Josu Imanol Kortazar Pipaon auzitik kanpo utzi zituzten.
Vicente Gonzalez Mota fiskalak hamarna urteko espetxe-zigorra eskatu du ezker abertzaleko beste 20 kiderentzat, ETAko kide izatea leporatuta; zortzina urteko zigorra eskatu du gainerako inputatuentzat.
2002-2010
Baltasar Garzon epaileak 2002an zabaldu zuen sumarioa, eta 2008an bukatu, eta Fiskaltzak Auzitegi Nazionalari igorri zion 2010ean.
Hasiera batean, 43 auzipetu zeuden, baina lau kanpoan utzi zituzten. Fiskalak 36 pertsona inputatu ditu; izan ere, Jon Idigoras 2005ean hil zen, Jose Antonio Urrutikoetxea, Josu Ternera, ihes eginda dago, eta Jon Salaberria preso dago Frantzian, 2008ko maiatzetik.