Politika -

Herriraren aurkako operazioa

Herriraren abokatuek 'legez kanpokotzat' jo dute operazioa

Prebentziozko neurrien aurkako helegitea jarriko dute, "neurriz kanpokoak eta bidegabeak" direlakoan, eta horiek baliogabetzea eskatuko dute, "operazioak oinarrizko hainbat eskubide urratzen baititu".

Alfonso Zenon, Irune Agire eta Oscar Sanchez abokatuak. Argazkia: Efe.
Alfonso Zenon, Irune Agire eta Oscar Sanchez abokatuak. Argazkia: Efe.
Alfonso Zenon, Irune Agire eta Oscar Sanchez abokatuak. Argazkia: Efe.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Herriraren abokatuek presoen eskubideen aldeko plataformaren aurka egindako operazioa "legez kanpokoa" dela esan dute, haien ustez, "askatasunerako, elkartzeko eta prozesu bidezko baterako eskubideak eta beste eskubide eta askatasun funtsezko batzuk nabarmen urratzen baititu". Gainera, atxilotuei ezarri dizkieten prebentziozko neurrien aurkako helegitea jarriko dutela iragarri dute, "neurrigabeak eta bidegabeak" direlakoan, eta horiek baliogabetzea eskatuko dute.

Bilbon eskaini duten prentsaurreko batean, operazioak "funtsezko eskubide eta askatasun batzuk" nabarmen urratu dituela esan du Alfonso Zenon legelariak, eta "ukitu politiko eta militar garbiak" dituela azpimarratu du.

"Herrira legez sortutako elkartea da, zuzendaritza taldea dauka eta Eusko Jaurlaritzaren elkarteen erregistroan izena emanda dago", esan du Zenonek, eta hau erantsi du: "Estatutuek diotenez, haren helburu soziala Euskal Herriko gatazkaren ondorioz preso daudenen oinarrizko eskubideak babestea da, eta xede erabat zilegi eta bidezkoa da hori, baina operazio honetan baliogabetu egin nahi izan dute".

Zenonek gogora ekarri duenez, presoen eskubideen aldeko taldean lan egin duten pertsona guztiek "publikoki eta gardenki egin dute, eragile politiko, sindikal eta sozial guztiekin harremanetan"..

"Prebentziozko neurri bidegabeak"

"Jarduera publiko eta pluralak gauzatu dituzte, euskal gizartean oniritzi zabala jaso duten aldarrikapenak babestuz, hala nola presoak Euskal Herrira ekarri eta dipertsioa bukatzea, 'Parot doktrina' bertan behera uztea edo gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea", adierazi du.

Horren ildotik, "ausaz aukeratutako 18 pertsona hiru egunez atxilo izatea, Madrilera eramatea eta delitu larriak egoztea" deitoragarria da, abokatuaren berbetan: "Batzuei hainbat milioi euroko fidantzak ezarri dizkiete, eta prebentziozko neurri bidegabeak ezarri dizkiete, jarduera politiko eta sozial erabat zilegietan parte hartzeko debekua, esaterako".

Alfonso Zenonek "Guardia Zibileko agenteak leporaino armatuta sartu ziren jarduera publikoko lokaletan, Etxerat, Behatokia eta beste talde batzuek lokaletan, baita abokatuen bulego profesionaletan ere". "Hainbat abokaturen ordenagailuak hartu zituzten, haien eginbidea oztopatuta, eta defentsarako eskubideari kolpea larria jo zioten horrela", baieztatu du.

"Inolako delitu zantzurik ez"

Halaber, "miaketa batzuk baliogabeak izan ziren, eta beste batzuk arau-haustez gainezka egon ziren". "Bilboko egoitza arakatu zutenean, esaterako, ez zegoen atxiloturik, eta horrek miaketa baliogabetzea ekartzen du". Gainera, atzemandako gizon-emakumeak inkomunikatuta edukitzeak "espazio ilunak sortu eta polizien zigorgabetasunari" ateak zabaltzen dizkio, abokatuaren aburuz.

Herriraren aurkako operazioan atxilotutakoen defentsako abokatuek ez dute "inolako delitu zantzurik ikusi, ez Herrirari talde gisa dagokionez, ezta atxilo hartutako eta inputatutako inori dagokionez ere", instrukzioko txosten eta eginbide guztiak irakurri eta gero.

"Herrira elkartearen egoitzak miatu, eta horietako batzuk itxi egin dituzte, webguneak, Facebookeko profilak eta Twitterreko kontuak ere itxi dituzte, bankuko kontuak blokeatu dituzte eta jarduerak eten dituzte, baina oraindik ez diote elkarteari txintik ere esan. Horrek prozedura legalak ezagutzen ez dituztela erakusten du.

Zenonen ustez, operazio honen helburua "euskal preso politikoen defentsa oztopatzea eta haien eskubideen defentsa kriminalizatzea zen, bide batez alor horretan ari diren abokatuak kriminalizatzeko beste saiakera batean", baina, beste ezeren gainetik, "presoen aurkako eraso argia da".

"Horregatik guztiagatik, argi utzi nahi dugu: horrelako operazioen gainetik, abokatu gisa presoei, errefuxiatuei, atxilotuei eta Herrira elkarteari dagozkien eskubideak defendatzen jarraituko dugu, zalantzarik gabe", esan du bukatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea