Politika -

Erabakitzeko eskubidea

Egibar: Urkulluren egutegia 'gutxi gorabeherakoa' da

2020a ''Euskadi berria argitzeko'' epe muga gisa zehaztu du Iñigo Urkulluk. PSEk eta PPk adostasunak Euskadin bilatu behar direla esan dute. EH Bilduk, berriz, pausoak eman daitezela eskatu du.

2020rako, erabakitzeko eskubidea gauzatuta egotea nahi du Urkulluk

1:25

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak Columbiako unibertsitatean (AEB) eskaini zuen hitzaldian, 2020. urtea zehaztu zuen ''Euskadi berria argitzeko'' epe muga gisa. Euskadi berri horrek bakea sendotuta eta erabakitzeko eskubidea gauzatuta izango dituela espero duela esan zuen Urkulluk. Joseba Egibar GBBko presidente eta EAJko bozeramaileren esanetan, Urkulluk zehaztutako egutegia "gutxi gorabeherakoa da", eta gaineratu du bakea sendotzeko "bide bat zehaztu" behar dela.

PSEk eta Alderdi Popularrak, bere aldetik, adostasunak Euskadin eraiki behar direla erantzun diote Iñigo Urkulluri. EH Bilduk, berriz, datek horrenbesteko garrantzirik ez dutela eta pauso sendoak eman behar direla azpimarratu du.

Radio Euskadiko elkarrizketa saioan, Juanjo Agirrezabal Bilduko parlamentariak esan du Urkulluk 2020ko epea aiapatu zuela atzo AEBn, baina "data hori zein irizpidetan oinarrituta dagoen" ez dakiela adierazi du. "Hauteskunde kanpainan, 2015. urtean zerbait planteatuko zela esan zuen EAJk. Azkenean, ez dakigu ezer. Dena den, datak baino garrantzi handiagoa dauka nora goazen jakiteak eta bide horretan pauso sendoak emateak", adierazi du Agirrezabalak.

Jose Antonio Pastorrek, bestalde, "garrantzitsuena Euskadin lortzen diren adostasunak" direla esan du. Halaber, datak axola ez diola azpimarratu du. "Azken batean, nazionalistek duten nahi bat da, guk konpartitzen ez duguna", adierazi du PSEko bozeramaileak.

Laura Garridok, berriz, esan du "Iñigo Urkullu lehendakariak aurpegi bat erakutsi arren, agerian geratzen ari dela bere benetako aurpegia zein den". Ibarretxe plana bezalako ekimen zaharrak berreskuratu nahi direla gaineratu du Garridok. "Galdeketarik ez dugu behar, euskaldunok sarritan erabaki baitugu zer nahi dugun", azpimarratu du PPko parlamentariak. Adostasunak bilatzea da Alderdi Popularraren proposamen nagusia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Joseba Egibar bideoak