Politika -
Bidaia ofiziala AEBetara
2020rako erabakitzeko eskubidea gauzatu izana espero du Urkulluk
Columbiako unibertsitatean hitzaldia eskaini du lehendakariak. Bertan, bakea sendotzea jo du 2020rako beste helburu nagusietako bat gisa.
Erredakzioa
2020a ''Euskadi berria argitzeko'' epe muga gisa zehaztu du Iñigo Urkullu lehendakariak Columbiako unibertsitatean (AEBetan) eskaini duen hitzaldian. Euskadi berri horrek bakea sendotuta eta erabakitzeko eskubidea gauzatuta izango duela espero du Urkulluk.
Halaber, Euskadin ''alferrik galdu behar ez dugun eta ezin dugun aukera bat'' daukagula azpimarratu du, eta, horregatik, ETAri ''alde bakarreko desarmea'' egiteko exijitu dio, euskal gizartea ''orria beste aldera pasatzeko irrikatan dagoelako''.
Garapen ekonomikorako eta gatazken konponbiderako 30 bat adituren aurrean hitzaldia eskaini du lehendakariak, eta bertan izan da Juan Jose Ibarretxe lehendakaria ere.
''Hamarkada berriaren hasieran erronka berriei'' aurre egin beharko dien nazio gisa aurkeztu du Urkulluk etorkizuneko Euskadi, ''Europa mailan identitate propioa duen nazio'' gisa. Erronken artean, ekonomia, enplegua, bakea eta estatus politikoa aipatu ditu.
Etorkizuneko erronkak
Etorkizunari begira hainbat erronka zehaztu ditu Urkulluk, tartean ekonomia suspertzea eta lanpostuak sortzea. Halaber, 2020ko Euskadi "giza-garapenean munduko lehen 4 postuetan'' egotea eta bertako ''pobrezia tasa %5 etik behera'' eta ''langabezia tasa % 6tik behera'' egotea ezarri ditu etorkizuneko beste erronka gisa.