Politika -
Liburuaren aurkezpena
Biktima eta presoen topaketak berrezartzea eskatu du Maixabel Lasak
Presoak eta euren biktimek izandako elkarrizketen garrantzia azpimarratu du eta programarekin jarraitzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari.
Erredakzioa
Presoak eta euren biktimek izandako elkarrizketen programarekin jarraitu beharra aldarrikatu du Maixabel Lasak. Rajoyren Gobernuak programa eten zuen eta Lasak ekimena berriz ere ezartzea eskatu du.
"Los ojos del otro: los encuentros restaurativos entre víctimas y ex miembros de ETA" liburuaren aurkezpenean egin ditu adierazpen horiek Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren zuzendari ohiak. Lasak topaketa horietan parte hartu zuen eta Luis Carrascorekin bildu zen, bere senarra hil zuen hiru lagunetako batekin.
Adierazi duenez, biktima askok ez dute ulertzen beren senideen hiltzaileekin biltzea. "Beraien iritzia errespetatzen dugu, baina gauza bera eskatzen dugu guretzat, egin behar genuena egin baikenuen", zehaztu du. Beste biktima batzuen antzera, bake prozesuan lagungarri izango zelakoan erabaki zuen programan parte hartzea Maixabel Lasak.
Liburuaren aurkezpenean Luis Carrascoren partaidetza aurreikusita zegoen. Carrasco Zaballako espetxean dago baina ez diote baimenik eman aurkezpenean parte hartu ahal izateko eta horren ordez eskutitza bidali du. Eskutitzean jasotzen denez, presoen eta biktimen arteko topaketak "terrorismoak kaltetutako elkarbizitza berrantolatzen eta biktimei kalteordainak ematen laguntzen du".