Politika -
35/02 auzia
Herriko tabernen auziak ez duela oinarri juridikorik salatu du EAJk
Alderdi jeltzalearen esanetan, auzipetuak absolbitzeak "bake-prozesuak aurrera egitea" ekarriko luke.
Erredakzioa
EAJk herriko tabernen auziak "oinarri juridikorik" ez duela eta "atzera egitea" ekarriko duela salatu du, prentsa ohar batean. Horren haritik, auzipetuak absolbitzeak "justiziaren ospea berreskuratzen" eta "bake-prozesuak aurrera egiten" lagunduko lukeela gaineratu du.
Auzi horren epaiketa hilaren 17an hasiko da, eta guztira 40 pertsona eseriko dira akusatuen aulkian.
EAJk gogorarazi duenez, Baltasar Garzon epaileak abiatu zuen auzia, duela hamarkada bat baino gehiago, eta auzipetuei, besteak beste, ETAko kide izatea edo horrekin kolaboratzea egotzi zien.
Alderdi jeltzalearen esanetan, herriko tabernen auziak iraganeko hainbat auzi ekartzen dizkio gogora, hala nola 18/98 eta Euskaldunon Egunkaria-rena. "Prozesu horiek ez zuten fundamentu juridiko-penalik, kutsu eta oinarri politiko argia zuten", nabarmendu du.