Politika -

Zentsura mozioa Nafarroan

EH Bilduk zentsura mozio bat adostea proposatu du Nafarroan

Koalizioak adostasuna bilatuko du PSN, Izquierda-Ezkerra eta Geroa Bai taldeekin zentsura mozioa eta hori babestuko duen hautagaia adosteko.

EH Bilduk goizean eman duen prentsaurrekoa. Argazkia: EFE
EH Bilduk goizean eman duen prentsaurrekoa. Argazkia: EFE
EH Bilduk goizean eman duen prentsaurrekoa. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernutik UPN kentzeko eta hauteskundeak deitzeko zentsura mozioa bultzatuko duela iragarri du EH Bilduk. Adierazi duenez, adostasuna bilatuko du PSN, Izquierda-Ezkerra eta Geroa Bai taldeekin.

Koalizio abertzaleak zentsura mozio bat adostu eta aurkezteko eta hori babestuko duen hautagaia adosteko prestutasuna agertu du. Helburua, "legeak ezarritako gutxieneko epean hauteskundeak deitzea" izango da. Beranduenez, otsailean egin ahalko lirateke hauteskundeak, Europako hauteskundeak baino lehen.

Adostasuna lortuz gero, koalizioa osatzen duten alderdiek aurkezten duten bigarren zentsura mozioa izango litzateke.

EH Bilduk dioenez, Yolanda Barcina presidenteak Gobernua desegin eta hauteskundeak deitzeko ezezkoak, "herritarren eta parlamentuaren eskaeraren gainetik", irtenbide bakarra uzten du "hauteskundeen bidez herritarrei hitza itzuli ahal izateko".

Prentsaurrekoan eman du horren berri koalizioak. Ondorengoek parte hartu dute: Patxi Zabaleta (Aralar), Miren Aranoa (EA), Maiorga Ramirez (EA), Consuelo de Goñi (Aralar), Bakartxo Ruiz (Bildu Nafarroa) eta Txelui Moreno (ezker abertzalea).

Gutxiengoan dagoen Gobernua

EH Bilduren aburuz, Foru Komunitatearen egoerari buruzko eztabaidan "argi gelditu zen gobernua gutxiengoan dagoela, ideiarik gabe, gutxieneko diskurtso koherente bat egiteko gaitasunik gabe". "Gobernuak burbuila batean jarraitzen du, gizarteak dituen arazoei konponbideak emateko gaitasunik gabe", gaineratu du." Hauteskundeak deitzeko eskaerari UPNk eman dion erantzuna boterera lotzea izan da, modu arduragabean, eta Parlamentuak eta herritarrek exigitzen duten aldaketari entzungor eginez", esan du.

Koalizioak azpimarratu du oposizioa osatzen duten indar progresista eta ezkertiarren ardura dela hitzetik ekintzetara igarotzea. "Interes alderdikoiak eta oportunistak alde batera utzi behar dira eta elkarrizketa prozesu bat hasi behar da adostasuna lortu ahal izateko eta hitza Nafarroako gizarteari emateko", adierazi du.

"Desberdintasun progmatiko eta ideologiko asko izan ditzakegu, baina Nafarroak bizi duen krisi instituzional, ekonomiko eta politikoak arduraz jokatzera behartzen gaitu", amaitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea