Politika -

Bake konferentzia

Izagirrek bakearen aldeko konferentziaren egitaraua aurkeztu du

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak bakearen aldeko alkateen nazioarteko konferentziaren egitaraua aurkeztu du. Ez da ez PSE-EEren ez PPren ordezkaririk izango, baina Jaurlaritzako bat bai.

Juan Karlos Izagirre, konferentziaren aurkezpenean. Argazkia: Efe.
Juan Karlos Izagirre, konferentziaren aurkezpenean. Argazkia: Efe.
Urriko bake konferentzia aurkeztu du gaur Juan Karlos Izagirrek

1:59

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak bakearen aldeko alkateen nazioarteko konferentziaren egitaraua aurkeztu du gaur. Ostegunean hasiko da bilera, eta bertan ez da ez PSE-EEren ez PPren ordezkaririk izango. Donostiako auzapezak parte hartzeko deia berretsi die bi alderdiei, gaurko agerraldian.

Kazetarien aurrean, Eusko Jaurlaritzako kide batek parte hartuko duela iragarri du Izagirrek, baina oraindik ez dute esan zein izango den ostegunean Aieteko Bakearen Etxean izango den ordezkari hori. Goizean, hizlariei ongietorria egingo diete bertan, eta Mairtin Muilleoir Belfasteko alkateak lehen hitzaldia egingo du.

Egitarauan, Siriako, Kolonbiako, Txileko, Argentinako, El Salvadorreko eta AEBetako udal kargudun eta alkateen hitzaldiak agertzen dira.

Halaber, Palestinako, Saharako, Korsikako eta Bretainiako hainbat herritako ordezkariak ere etorriko dira Donostiara, baita gatazkak konpontzen aritzen diren hainbat aditu ere. Azken horiek mahaingurua egingo dute lehen jardunaldian.

Alkateak gogora ekarri duenez, inguru gatazkatsuetako udalen esperientzien berri jasotzea da helburua. Euskal ordezkariak hauek izango dira: Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkatean (EAJ) eta Julen Mendoza Errenteriakoa (Bildu). Herri horietan garatu dituzten bizikidetza programak azalduko dituzte.

Izagirrek aurreratu duenez, ehun pertsonak baino gehiagok eman dute izena dagoeneko Kursaal Donostiako jauregian egingo diren saioetarako.

Inaugurazio ekitaldian, Donostiako alkateak, Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak eta Matsui Kazumi Hiroshimako alkate eta Bakearen aldeko Alkateak taldeko presidenteak parte hartuko dute. Azken hori ezingo da Gipuzkoako hiriburura etorri, eta bideo bidez hitz egingo du.

Azken ondorioen bilketarik egiteko asmorik ez dutela adierazi du Izagirrek, kazetarien aurreko agerraldia bukatu baino lehen.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea