Politika -
Eusko Jaurlaritza
Ustelkeriari aurre egiteko Ertzaintzaren talde berezia sortuko dute
Ertzaintzaren talde berri horren helburu nagusia delitu ekonomikoen aurka borrokatzea izango da, Beltran de Heredia sailburuaren hitzetan.
Erredakzioa
Ustelkeriarekin eta ekonomiarekin lotutako delituei aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzak "adimen polizial eraginkorra" martxan jarriko duela iragarri du gaur.
Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak egin du iragarpena, Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak kontrol saioan egindako galdera bati erantzunez.
EAEko Fiskaltzak ustelkeria auziak ikertzeko "baliabide gehiago" behar dituela ohartarazi ondoren, Maneirok esan du Jaurlaritzak ez duela “bere esku dagoen guztia” egiten delitu ekonomikoak sakon ikertzeko.
Hitz horiei erantzuteko, sailburuak onartu du delitu ekonomikoen aurka borrokatzeko “baliabideak” falta zaizkiela, baina poliziatik kanpo ere beste eragile asko lan horietan ari direla nabarmendu du.
Hala ere, Beltran de Herediak esan du Segurtasun Sailak ez duela epaileen edo fiskalen kexarik jaso, eta auzi horiek banan-banan aztertzea proposatu du. Ertzaintzaren Plan Estrategikoaren baitan, "adimen polizial eraginkor" bat sortzea aurreikusi dutela iragarri du.
Ertzaintzaren talde berri horren helburu nagusia delitu ekonomikoen aurka borrokatzea izango da, Beltran de Herediaren hitzetan.