Politika -

Herriraren aurkako operazioa

Herriraren jarduerak bi urtez etetea agindu du Velasco epaileak

Praktikan, neurri horrek plataformaren legez kanporatzea ekarriko du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak Herrira plataformaren jarduerak bi urtez etetea agindu du. Nolanahi ere, epe hori igarota, neurria luzatzeko atea zabalik utzi du.

Halaber, epaileak plataformaren diru kontuak blokeatzea eta egoitzak eta sare sozialetako profilak ixtea ere agindu du.

Praktikan, neurri horiek guztiek Herrira behin-behinean legez kanporatzea ekarriko dute, Aiert Larrarte abokatuak azaldu duenez.

Atzo, epaileak 18 atxilotuetako 14 aske utzi zituen, baina karguekin, hau da, inputatuta jarraitzen dute. Beste lauei 20.000 euroko bermea ezarri zien, espetxetik ateratzeko.

Lau horietatik, bi, Jon Garai eta Nagore Garcia, bart atera dira Soto del Realeko (Madril) kartzelatik. Beste biek, Jexux Mari Aldunberrik eta Manu Ugartemendiak, hurrengo orduetan egingo dute, bermea ordaindu eta gero.

Velascok talde armatuko kide izatea, ETA finantzatzea eta terrorismoa goratzea egotzi die denei. Epailearen aurrean, atxilotuek uko egin zioten deklaratzeari, baina ETArekin eta terrorismoarekin loturarik ez dutela argi utzi nahi izan zuten gehienek.

Hain zuzen ere, disidentziak galarazteko xedez, presoen kolektiboan kohesioa mantentzea egotzi dio epaileak Herrirari.

Atzo Baionan egindako prentsaurreko batean, plataformako bozeramaileek "oso larri"tzat jo zuten polizia operazioa, eta akusazioak "gezurrezkoak" direla salatu zuten.

Deialdiak

Bestalde, gehiengo sindikalak (ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, HIRU, CGT eta CNT) elkarretaratzeak deitu ditu gaurko, 12:00etatik 12:30era, Euskal Herriko lantokietan, Herriraren aurkako "operazio bidegabea" salatzeko.

Adolfo Muñoz eta Ainhoa Etxaide ELAko eta LABeko idazkari nagusiek "gaitzespen irmoa" erakutsi dute, protesta deitu duten sindikatu guztien izenean, "astelehenean 18 pertsona atxilotzea ekarri zuen erabaki politikoaren aurrean".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea