Politika -

2014ko maiatza

Alternatiba EH Bildurekin aurkeztuko da Europako hauteskundeetara

Batzarrean parte hartu duten 10 kidetik ia 8k egin du koalizioaren barruan parte hartzeko erabakia.

Oskar Matute Alternatibako bozeramailea. Argazkia: EiTB
Oskar Matute Alternatibako bozeramailea. Argazkia: EiTB
Oskar Matute Alternatibako bozeramailea. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2014ko maiatzan egingo diren Europako hauteskundeei begira, EH Bildu koalizioaren barruan parte hartzeko erabakia hartu du Alternatiba alderdiak, larunbat honetan Bilbon egiten ari diren batzar nazionalean.

Eusko Legebiltzarreko hauteskundeei begira EH Bildu koalizioa osatu zen, eta Alternatiba indar metaketa horretako kide da, ezker abertzalea, EA, eta Aralar alderdiekin batera.

Batzarrean parte hartu duten Alternatibako kideen % 78,3k Europako hauteskundeetan parte hartzearen alde bozkatu dute, eta % 4,3k kontra. Behin hori erabakita, bigarren bozketa bat egin dute hauteskunde horietan EH Bildurekin batera aurkeztu ala ez erabakitzeko. Bigarren bozketan, % 73,9k alde bozkatu dute.

Eztabaida luze baten ondoren erabaki du Alternatibak Europako hauteskundeetara EH Bilduren baitan aurkeztea. Azaldu dutenez, datozen hilabeteetan ezagutaraziko dute Euskal Herritik haratago joan daitekeen koalizioaren osaketa, eta programaren inguruko xehetasunak ere emango dituzte.

Zuzendaritza berria

Gaurko batzarrean alderdiko koordinadora nazional berria aukeratu dute aho batez.

9 kidek osatuko dute Alternatibako zuzendaritza berria, eta horietatik 7 berriak dira. Hauek dira zuzendaritzako kideak: Aitor Miguel Quintana, Alba Fatuarte, Ane Paguey, Ayem Oskoz, Cristina Bereciartua, Diana Urrea, Jon Lasa, Jorge Segoviano eta Maite Elizondo.

Bestalde, Oskar Matute eta Amaia Agirresarobe bozeramaileek kanpaina baten berri ere eman dute. Azaldu dutenez, sistemaren erasoen aurrean gizartea aktibatu nahi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea