Politika -
CAN auzia
CANeko aktak moldatu izana ukatu du Barcinak
Parlamentuko batzordean azalpenak eman behar izan ditu Yolanda Barcinak, Bilduk eskatuta, eta gezurtatu egin du aktak moldatu izana.
Erredkazioa
Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak parlamentuko batzordean azalpenak eman behar izan ditu. Nafarroako Kutxaren (CAN) Batzorde Iraunkorrean eman ditu azalpenak eta CANeko aktak moldatu izana ukatu du.
Bildu alderdiak eskatuta joan behar izan du Barcinak batzordera. Guardia Zibilak egindako ikerketaren arabera, akta horiek bilerak egin eta urtebetera sinatu zituzten eta horren inguruko azalpenak eman behar izan ditu.
"Aktak paperean dauden dokumentu fisikoak dira, orri guztietan sinatuta daude eta sinadura horiekin gordetzen dira. Dokumentu fisiko bat informatikako artxibo batekin nahas daiteke, behin eta berriro moldatua izan den artxibo batekin. Horrek ez du esan nahi hasierako dokumentua, Nafarroako Kutxan sinatuta eta gordeta dagoen papereko dokumentua, moldatua izan denik", adierazi du.
Aktak prestatzerako orduan jarraitzen den prozedurari buruz, berriz, "gaiaren ingurun ezagutzarik ez dut" esan du. "Horren inguruan baieztatu dezakedan gauza bakarra zera da: zegokion erakundeko idazkariak hala eskatzen zidanean sinatzen nituela aktak", amaitu du.
Maiorga Ramirez Bilduko ordezkariak Guardia Zibilak egindako ikerketaren arabera, akta horiek bilerak egin eta urtebetera sinatu zituztela aipatu du. Herritarren Batzorde Iraunkorraren eta ordainsarien berri prentsaren bidez izan zutela gogoratu du Ramirezek eta "informazio hori kaleratu ezean, aktak prestatuko ote ziren" galdetu du.