Politika -
Kataluniako Parlamentua
Kataluniak Espainia maite du, baina ez dEstatuaz fio, Masen esanetan
Generalitateko presidenteak Estatuaren jarreraren kontra egin du, ''ia beti harroputz bezain ezjakitun'' aritzea egotzita.
Erredakzioa
Kataluniak Espainiarekiko estimua duela baina Estatuaz fio ez dela esan du asteazken honetan Artur Mas Kataluniako presidenteak. Halaber, ''pertzepzio'' horrek galdeketa 2014an egiteko asmoarekin jarraitzera bultzatzen duela adierazi du, eta, horretarako, ''eskura'' dituen ''mekanismo demokratiko eta legal guztiak'' erabiliko dituela berretsi du.
Kataluniako Parlamentuan, Politika Orokorreko eztabaida abiatu du presidenteak asteazken honetan, eta ostirala arte luzatuko da hitzordua. Gaurko saioa Masen hitzaldiarekin abiatu dute, eta Estatuak Kataluniaren eskaerekiko duen jarrerarekin kritiko agertu da presidentea, ''ia beti harroputz bezain ezjakin'' aritzea egotzita. ''Arazo bat dutela onartzea beste aukerarik ez dute'', gaineratu du.
Elkarrizketaren eta negoziazioaren alde
Edonola ere, ''Gobernuarekin elkarrizketarako edozein zirrikitu'' aprobetxatzeko prest agertu da Mas, baina oraindik ''Gobernuak Katalunian galdeketa egitea onartzen duen'' jakiteko Rajoyren erantzunaren zain dagoela adierazi du.
"Printzipio demokratiko hau onartzen badute eta Kataluniako gizartearen gehiengoari erantzuna ematen baldin bazaio, negoziatu beharko da, berau gauzatzeko esparru legala adosteko'', azaldu du Masek. Hori onartzen ez badute, ''zer dago orduan negoziatzeko?'', galdetu du.
Bide orria baieztatu du
Agerraldian zehar, bere bide orria baieztatu du Masek: galdeketa 2014an egitea, eta, horretarako, data, galdeketa horren edukia eta ''esparru legala edo legalak'' zehaztea, erabakitzeko eskubidearen alde dauden alderdiekin ''hiruko akordioa'' lortuta.
Halaber, galdeketa Estatuarekin adostu bezala edo ''gutxienez tolerantzian eta gatazka juridikotik at'' gauzatzea jarri du Masek bide orri horretako hirugarren puntu gisa.
Berriz ere aipatu ditu plebiszitu-hauteskundeak
"Elkarrizketarako eta akordiorako asmoa dugu, baina Estatuarekin negoziaziorik posible ez bada, eskura ditudan baliabide demokratiko eta legal guztiak erabiltzeko prest nago, tartean hauteskundeak'', azaldu du Masek. Hala, berriz ere aipatu ditu Kataluniako presidenteak plebiszitu-hauteskundeak.
Ez du baztertzen hauteskundeak aurreratzea
Ildo horretan, Masek ez du baztertu 2016a baino lehen hauteskundeak deitzea. ''Legegintzaldia 2016an bukatzen da, aurretik hauteskundeak deitzea erabakitzen ez badut, joan den legegintzaldian bezala'', esan du hitzaldi horretan.
''Katalunia dagoeneko ez da Estatuaz fio''
Masen hitzetan, ''Kataluniako gizartea ez da konformatzen, ez du burua makurtzen''. ''Herri hau bizirik dago eta mobilizatzen da. Egungo baldintzetan ez dio etorkizunik ikusten Estatuarekiko harremanari, eta harreman horrekin nekatuta dago. Oker egon naiteke, baina hauxe da nire pertzepzioa: Kataluniak Espainiarekiko estimua du, baina dagoeneko ez da Estatuaz fio''.
Murrizketa gehiago egingo ez dituztela agindu du
Bestalde, 2014an murrizketa gehiago ezarriko ez dituztela ziurtatu du Masek. ''Aurrekontuetako gastuetan ez da egongo euro bakar bat gehiago, ezta euro bakar bat gutxiago ere'', presidenteak adierazi duenez.
Ildo horretan, Masek gogoratu du Generalitateak % 20 murriztu duela bere aurrekontua azken hiru urteotan, baina ahaleginak merezi izan duela adierazi du.