Politika -

Gerra Zibila eta diktadura

Frankismoko delituak preskribatu ez direla salatu dute biktimek

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltza Argentinak frankismoko lau polizia atxilotzeko egindako eskariaren kontra agertu da, delituak aspaldikoak direla eta 77ko amnistiak barkatu zituela argudiatuta.

ANko Fiskaltza frankismoko lau kriminal atxilotzearen kontra agertu da

1:29

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltza frankismoko lau polizia atxilotzearen kontra agertu da, delituak aspaldikoak direla eta 77ko amnistiak barkatu zituela argudiatuta. Biktimek, baina, delituak preskribatu ez direla eta amnistiak Argentinan eraginik ez duela salatu dute.

Maria Servini epaile argentinarrak eskatu du Espainiako segurtasun indarretako lau kide ohi atxilotzea, baina Fiskaltza eskaera horren kontra azaldu da. Horren ustez, behin-behineko atxiloketa ez da "bidezkoa", gertakariak aspaldikoak direlako, preskribatu direlako eta amnistia jaso zutelako bere garaian. Hala ere, Fiskaltzak ez du oztoporik jarriko estradiziorako.

Jesus Muñecas Aguilar guardia zibil ohia, Franco Celso Galván Abascal bizkartzain ohia, Jose Ignacio Giralte komisario ohia eta Juan Antonio Gonzalez Pacheco, Billy el Niño, inspektore ohia dira epaileak salatu dituen kriminal frankistak.

Goldatu preso eta errepresaliatuen plataformak  bultzatu du Euskal Herritik lau polizien kontrako salaketa, eta Fiskaltzaren argumentuen ahultasuna azpimarratu du.

''Gizateriaren aurkako delituak ez dute preskribitzen'', azpimarratu du Josu Ibargutxi Goldatuko kideak. ''Argentinako epailearentzat hemengo amnistia legeak ez du ezertarako balio'', gaineratu du.

Espainian epaitu ez izana kritikatu du EAJk

Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileak atsekabea agertu du segurtasun indarretako lau kide ohi horiek Espainian epaitu ez direlako, leporatzen zaizkien delituak epaituak izateko ''adina larri'' direlako. ''Begi onez ikusten ditugu Argentinako epaileen mugimenduak'', gaineratu du.

''Zigorgabetasuna'' baimendu izana egotzi dio Amaiurrek Estatuari

Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko bozeramaileak, bestalde, horrelako pertsonen ''zigorgabetasuna'' baimendu izana eta horietako batzuk ''sustatu'' izana ere leporatu dio Estatuari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea