Politika -
'The Wall Street Journal'
Rajoy: 'Katalunia EBtik kanpo, guztiz zentzugabea izango zen'
Bestalde, Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak "Espainiaren batasuna mantentzeko Konstituzioa eguneratzea" proposatu du.
Erredakzioa
Katalunia Europar Batasunetik (EB) at imajinatzen ez duela esan du Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak. Aukera hori "guztiz zentzugabea" dela adierazi du Rajoyk, The Wall Street Journal egunkariak gaur argitaratutako elkarrizketan.
"Ni espainiarra naiz, guztientzako askoz hobea delako", gaineratu du Rajoyk. "Katalunia EBtik kanpo ez dut imajinatzen, guztiz zentzugabea litzateke", azaldu du.
Era berean, Estatuko egoera ekonomikoa eta politikoa aztertu ditu Gobernuko presidenteak. Oraindik aurkeztu diren zailtasunen inguruan gogoeta egitea gustuko ez duela esan du Rajoyk, baina Mas ohartarazi du.
Kontrako noranzkoan
"Ni Europara bankuen batasuna edo zergen batasuna aldarrikatzera noa, eta bat-batean hemen bidea kontrako noranzkoan egitea nahi duen bat azaltzen da", adierazi du.
Rajoyren hitzetan, Masek Katalunia Espainiatik bereizteko duen ideia "munduaren garapen naturalaren aurka doa", mugak eraikitzea ez delako, guztiz kontrakoa baino.
Ideia azaltzeko haurtzaroko pasadizo bat adibidetzat jarri du Rajoyk: Galiziako herrira Madrilgo egunkariak argitaratu eta bi egun geroago heltzen ziren 60ko hamarkadan.
"Orain, ostera, mugikorra hartu eta informazioa minutu batean heltzen da. Eta munduko naturalena da. Eta horren kontra ezin daiteke egin", erantsi du.
Konstituzioaren aldaketa
Bestalde, Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak azaldu duenez, azken orduetako Kataluniaren inguruko eskaintzen "eroaldia" igarota, "bakoitzak bere proiektua jarri behar du mahai gainean".
Kataluniako arazoa konpontzeko "mundu guztiarekin hitz egitea" proposatu zuen "aurrena" izan zela gogorarazi du Rubalcabak Onda Cero irratian.
Eredu federal batera joateko Kontsituzioa erreformatzeko proposamena babestu zuen atzo Felipe Gonzalez presidente ohiak. "Felipek eta nik proposatzen duguna Espainiaren batasuna mantentzeko Konstituzioa eguneratzea da", esan du Rubalcabak.