Politika -

Ekarpenen epea amaituta

Bake Plana azaroan onartuko du Eusko Jaurlaritzak

Legebiltzarreko taldeek ekarpenak egiteko  duten epea ostiral honetan amaitzen da. PPk ez du zuzenketa partzialik aurkeztuko eta EH Bilduk 17 orrialdeko txostena aurkeztu du.

Laura Mintegi eta Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak. Argazkia: EiTB
Laura Mintegi eta Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak. Argazkia: EiTB
Laura Mintegi eta Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak Bake eta Elkarbizitza Plana onartuko du azaroan, ostiral honetan Eusko Legebiltzarreko taldeek ekarpenak egiteko duten epea amaitu ostean.

Alderdi politiko ezberdinek planteatutako alegazioak "kontuan" hartuko dituztela ziurtatu du Iñigo Urkullu lehendakariak gaur goizean. Horrela, talde politikoek erabiltzeko agiria garatuko dute.

EAJ, PSE, EH Bildu eta PPren arteko akordioa lortzea nahi du lehendakariak. Lau sentsibilitate politiko nagusien artean adostasuna lortu nahi duela ez du ezkutatu Urkulluk.

EH Bildu

Ekarpenak egiteko epea amaitu arte itxaron du EH Bilduk bereak egiteko. Bake Planak ETAren ekintza "indarkeria guztien egile bezala kokatzea" kritikatu du EH Bilduk, "Estatuaren indarkeria ekimen guztiak ahaztuz". Bestalde, "elkarbizitzarako akordio demokratiko" bat lortzeko gogoa azaldu du, "elkarbizitza demokratikoa eta erabateko bakea lortzeko".

PSE

Rodolfo Ares PSEko Antolamendu idazkariak gogorarazi duenez, sozialistek 25 alegazio aurkeztu dituzte "proposamen oso konkretu bat" jakitera emateko. "Bake Planaren helburuak zeintzuk izan behar diren finkatzen dituzte", erantsi du. "Helburu nagusia inolako kontraprestazioarik gabe ETA behin betiko desagertzea eta desegitea da", adierazi du Aresek.

PP

Borja Semper PPko bozeramaileak azaldu duenez, bere alderdiak ez du zuzenketa partzialik aurkeztuko, Gobernuaren "jokoan" sartzea suposatuko lukeelako, eta hori "hanka-sartze izugarria izango litzateke".

UPyD

UPyDk abuztuan aurkeztu zituen alegazioak. Planak "biktimak eta borreroak" parekatzen dituela uste du UPyDk. Gainera, ETA oraindik desagertu ez dela alde batera uzten du, eta baita ezker abertzaleak "krimenak gaitzetsi" ez dituela ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea