Politika -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Urkullu:'Konstituzioak badu zirrikiturik Euskadi nazio gisa onartzeko'

Autogobernuari buruzko galdeketa legealdi honetan bertan egiteko asmoari eusten diola berretsi du lehendakariak. Horretarako, legediak uzten dituen zirrikituak aprobetxatu behar direla azpimarratu du.

Iñigo Urkullu, Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan

Urkullu: 'Legediak uzten dituen zirrikituak aprobetxatu behar ditugu'

1:11

I.A. | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Politika Orokorreko Osoko Bilkuraren biharamunean,  Euskadi Irratiari eskaini dio elkarrizketa Iñigo Urkullu lehendakariak. Bere hitzetan, Euskadi 'nazio gisa aitortzeko zirrikiturik'  eskaintzen du Espainiako Konstituzioak. 'Zirrikitu horiek aprobetxatu behar ditugu', esan du.

Atzoko saioan aurkeztu zuen proposamenak, 'aniztasunen araberako akordioak' bilatzen dituela esan du lehendakariak. 'Aniztasunen araberako akordioak, abertzale eta abertzale ez direnen artean. Legealdi hasieran planteatu nuen metodologia;  aipatzen dudan aniztasuna Legebiltzarrean dago  eta Legebiltzarra da eztabaidarako foroa. Juridikoki ondo oinarritutako  proposamena gauzatu behar dugu, legediak uzten dituen zirrikituak aprobetxatuz', esan du.

Nolanahi ere, edozein akordiok, 'Espainiarekin adostutakoa' izan beharko lukeela adierazi du Urkulluk. Eskoziaren eredua jarraitu beharko genukeela nabarmendu du.

'Urratsak eman behar ditugu; ze Euskal Herri nahi dugun, ze Euskal Herri ulertzen dugun, zeintzuk dira esparru juridikoak Espainian … Epe luzera begiratu behar dugu. Gaur egun, apustua Europan egotea da, Europako Batasunean egotea. Guzti hori garatu behar da, jakinda gure errealitatea zein den. Zazpi lurraldez osatutako  Euskal Herria dut buruan, baina pragmatismoa erabiliz, denon borondateak errespetatuz'.

Galdeketa

Espainiako Konstituzioak 'badu zirrikiturik Euskadi nazio gisa aitortzeko'. 'Espainia bera, nazioen nazioa da. Begi-bistan dago, Kataluniako, Euskal Herria edo Galiziako egoera ikusita. Beste malgutasun batekin jokatzeko aukera eman beharko liguke Espainiak'.

Ildo honetan, Erresuma Batuaren eredua ekarri du gogora: 'Erresuma Batuak onartzen du nazio ezberdinez osatuta dagoela. Bide hori jarraitu beharko genuke', esan du.

Estatus berriari buruzko galdeketa, legealdi honetan bertan egiteko asmoa eusten diola berretsi du Urkulluk. 'Nahiko nuke legealdi honetan bertan egitea galdeketa, kanpainan proposatu nuen bezala. 2015 inguruan nahiko nuke , Legebiltzarrean eztabaida egin ondoren. Eztabaida hori euskal gizarteak berretsi beharko luke'.

Krisia

Atzo iragarri zuen ekonomiaren susperraldiari buruz galdetuta, Urkulluk adierazi du industriatik etorriko dela hazkundea. 'Lehentasunak finkatu ditugu: amore eman dugu hainbat programetan eta industria jarri dugu helburutzat. Hainbat adostasun lortu ditugu  instituzioekin eta  finantza erakundeekin. Nazioartera begira jarri gara.  Horrek industriaren susperraldia ekarriko du. Espainia  gure merkatuaren herena izan da, orain arte, baina hori erorita dago. Gureari begira eta nazioartera begira jarri gara'.

Desarmea

Aspaldion, hitzetik hortzera dabilen ETAren balizko desarmeri buruz, berriz, ‘itxaropentsu’ dagoela esan du. 'ETAri dagokio desarmea. Orain arte entzun dugu ETAk baduela borondatea. Beraiek esandakoa da. Nik ez dut susmoei buruz hitz egiten, baina, itxaropentsu nago. Bi urte beteko dira ETAk indarkeria ekintzak utzi zituenetik. Bi urte eta gero, gizarteak normalizazioa behar du, beste erronka batzuk ditugu. Ba, hortaz, urratsak eman beharko dituzte. Ezker abertzalearentzat urrats hau ikustaraztea beharrezkoa da', zehaztu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea