Politika -

Politika orokorreko saioa

Krisia gainditzeko 'euskal bidea' proposatu dio Mintegik Urkulluri

EH Bilduko bozeramailearen hitzetan, ekonomia "erantzun propioa emateko kapaz garen heinean" konponduko da eta horretarako "gure estatusa zein den argitzea ezinbestekoa da".

Laura Mintegi EH Bilduko bozeramailea. EFE
Laura Mintegi EH Bilduko bozeramailea. EFE
EH Bilduk krisia gainditzeko 'euskal bidea' proposatu dio Urkulluri

1:21

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Krisi ekonomikoari aurre egiteko subiranotasunaren "euskal bidea" martxan jartzea proposatu dio Laura Mintegi EH Bilduko bozeramaileak Iñigo Urkullu lehendakariari. Ekonomia-estatus berria dikotomia "benetakoa" ez dela ziurtatu du Mintegik.

Politika orokorreko saioan Mintegik defendatu duenez, ekonomia "erantzun propioa emateko kapaz garen heinean" konponduko da, eta horretarako "gure estatusa zein den argitzea ezinbestekoa da, nork erabakiko du kristik nola ateratzen gara".

Zentzu horretan, lehendakariak herri akordio bat proposatu du, baina "duela 36 hilabete alderdi batekin sinatutako ituna besapean dakarrenean", adierazi du Mintegik PSErekin sinatutako akordioari erreferentzia eginez. "Gaur egin beharreko gogoeta ez da datozen 24 edo 36 hilabeteak bizirauteko, etorkizuneko Euskal Herriaren oinarriak nolakoak izango diren erabakitzeko baizik".

"Arazo ekonomikoa eta subiranotasuna bananduta" ez daudela azaldu du EH Bilduko bozeramaileak. "Dikotomia faltsua dela uste dugu, ez da zertan lehenengo ekonomia konpondu behar ondoren estatusari buruz eztabaidatzeko", erantsi du.

Euskadi modernoagoa eta lehiakorragoa nola lortu nahi duen erabakitzeko eskatu dio Mintegik EAJri: "Espainia gehiago izanez edo Euskal Herria gehiago izanez".

Subiranotasuna

Espainiako zorraren egoera gogorarazi du EH Bilduko bozeramaileak: "Zor ordainezina". "Ekonomia ezin daiteke burujabetzatik bereizi", gaineratu du. "Espainiako subiranotasuna zalantzan dago, kanpoko interesak asetzeko Konstituzioa aldatzera behartzen duten herria burujabea ez delako", adierazi du.

"Euskal Herriak ezin dio Espainiari subiranotasuna laga, herrialde hori bere etorkizunaren jabe ere ez denean", errepikatu du.

Lehenengo akordioa hemen lortu behar dutela errepikatu du Mintegik. EAJk eta EH Bilduk bakarrik Euskal Herria ezin dezaketela eraiki onartu du, ezta biak batera ere. Horregatik, "euskal bidea martxan jartzea" proposatu du, "arrazoi ideologikoengatik, interesagatik edo hemen bizi eta lan egiten dugun guztiontzat onuragarria delako".

"Gaurko ogia, biharko gosea"

Lehendakariak proposatutako estatus politiko berrian aurrera egiteko akordioa "gaurko ogia eta biharko gosea" dela adierazi du Mintegik. Gainera, bakearen batzorde txostengiletik "altxatuko" ez dela ohartarazi du EH Bilduko ordezkariak. Etika "indarkeriak eragindako heriotzen begirada hemiplegiko batean" onarritu behar ez dela azpimarratu du.

Zentzu horretan, EAJ PSErekin akordio batera heldu dela azaldu du, baina horretarako "bere militantziari fedea eta enpatia eskatu behar izan dio". "Bi alderdiek beraien ahultasuna bertute bihurtu nahi izan dutela bistakoa da. Baina hemen eztabaidagaia nolako Euskal Herria nahi dugu, eta nolako neurriak hartuko ditugu Euskal Herri hori eraikitzeko da", azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea