Politika -

Politika orokorreko saioa

Lopezek Urkulluri:'Ez ditugu aldebakarreko plan soberanistak onartuko'

PSE-EEko idazkari nagusiak batasuna eta askatasuna oinarri izango dituen garai berri bat abiatzeko proposatu dio.

Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusia. Argazkia: EiTB
Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusia. Argazkia: EiTB
PSEk batasuna eta adiskidetasuna lortzeko garaia heldu dela esan du

1:18

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aldebakarreko plan soberanistak ez dituztela onartuko ohartarazi dio Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak Iñigo Urkullu lehendakariari. Edonola ere, EAEko herritarren arteko batasuna eta adiskidetasuna lortzeko itun berri bat egitea proposatu dio.

Eusko Legebiltzarreko Politika Orokorreko osoko bilkuran Iñigo Urkulluk estatus politiko berrira bidean pausoak emateko garaia dela adierazi du, eta horren harira, batasuna eta askatasuna oinarri izango dituen garai berri bat abiatzeko gonbidapena egin dio Lopezek lehendakariari, gatazkak gainditzeko balioko duena.

"Benetan diot, ez dut ezer ezkutatzen; izan ere, euskal gizarteak ezberdinen arteko akordioa lortzea eskatzen digula sinesten dut", gaineratu du.

"Urkulluren asmoa kutxatik berriz ere aldebakarreko plan soberanistak ateratzea bada, ez du sozialisten babesik izango", Lopezen arabera. Halaber, iraganeko Lizarra-Garaziko akordioa gaitzetsi du "nazionalisten hitzarmena izan zelako", eta horrelakorik ez errepikatzea eskatu du.

EAJ-PSE ituna

Astelehenean jeltzaleek eta sozialistek sinatu zuten zerga ituna ere hizpide izan du, herrialde akordio gisa definitu du eta horren garrantzia nabarmendu du. Lopezen esanetan, orain hasiko da hamargarren legegintzaldia, itunari esker "beharrezkoak diren neurriak hartuko direlako".

Lopezek ukatu egin du EAJ-PSE itunak zerga igoera ekarriko duena, eta akordioko puntu guztiak betetzen direla bermatzeko sozialistak adi egongo direla gaineratu du.

Bakegintza

Bakegintza alorrean eskari garbia egin dio ezker abertzaleari: iraganeko erantzukizuna beregain hartzeko eta Eusko Legebiltzarrak adostutako zoru etikoa onartzeko.

PSE-EEk Eusko Legebiltzarreko Bake lantaldea utzi du duela gutxi ezker abertzaleak zoru etikoa onartzeari uko egin diolako. Horren harira, ETAren biolentziak justifikaziorik ez duela onartzeko eskatu dio EH Bilduri.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea