Politika -

Politika Orokorreko Bilkura

PP: 'Zerga-ituna akatsa da eta lurraldeen subiranotasunaren aurka doa'

"Europako herrien banaketa egin nahi duen" galdetu dio Arantza Quirogak Iñigo Urkulluri.

Arantza Quiroga
Arantza Quiroga
''Europako herrien banaketa egin nahi duen'' galdetu dio PPk Urkulluri

1:16

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arantza Quiroga Euskadiko PPko presidenteak EAJ eta PSE-EEk sinatutako zerga-ituna izan du hizpide Politika Orokorreko Osoko Bilkuran. PPko buruzagiaren iritziz, ituna "akats bat da" eta Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako lurralde historikoen subiranotasunaren aurka doa.

Krisitik irteteko neurri guztietan lagun izango duela adierazi dio Quirogak Urkulluri, egungo egoera ekonomikoa gainditzeak "ez baitu prezio politikorik". Hala ere, EAJ eta PSE-EEk sinatu berri duten zerga-ituna kritikatu du. "Zer dela eta erabaki behar du Legebiltzarrak euskal fiskalitatea?", galdetu du. Jeltzale, sozialista eta popularren arteko "itun handi" baten alde agertu da Quiroga. "XXI. mendeko Euskadirentzat itun handi bat", azpimarratu du.

Quirogaren aburuz, "'erabakitako' erreforma fiskal bat zehaztu beharrean, igoerak ezarri dira, eta enplegua sortzen dutenak zigortu dira".

Zerga-itunak lurralde historikoen "konpetentziak hartzen" dituela ere esan du. "Legebiltzarra ez da Batzar Orokorrak ordezkatzeko sortu", baieztatu du. "Ezin dugu Euskadi krisitik atera Euskadi desegiten dugun bitartean", zehaztu du.

Estatus politiko berria

Hitzaldian galdera ere luzatu dio Quirogak Urkulluri. "Europako herrien banaketa nahi duen" galdetu dio, eta "Bide katalanak ezin du Euskadiren bidea izan" gaineratu du. "Euskaldunek jada nahikoa sufritu dute ETArekin, orain idenpendentismoak sortzen duen tentsioarekin sufritzen hasteko, hori bada estatus politiko berriarekin lortu nahi dena", esan du.

Quirogak dei egin die demokratei arlo horretan "akordioa" lortzeko, eta "iragan gogor hori ahaztu ahal izateko". "Ardurak hartu nahi ez dituztenei exigitu behar diegula onartzen badugu, lortu ahal izango dugu", gaineratu du.

"Euskadiren estatus politiko berriarekin zer bilatzen duen" galdegin dio Quirogak Urkulluri. "Zer egingo dugu euskaldunok Espainiak ematen dizkigun sinergia eta ahalmenik gabe? Nola mugituko gara mundutik?", galdegin dio. "Denbora galtzen" ez ibiltzeko ere eskatu dio lehendakariari.

Adierazi duenez, "euskaldunok ez diogu sentimenduen arazoari aurre egin behar, nahi dugun hazkunde eta garapen ereduari baizik. Eta nekez lortuko dugu krisitik irtetea, Europan izan nahi dugun partehartzeak aktiboa izan behar duela zehaztu ezean", amaitu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea