Politika -

Argentina

Frankismoko lau funtzionario ohiren estradizioa eskatu du Argentinak

Polizia eta Guardia Zibileko goi-kargudun ohien estradizioa eskatu du Maria Servini epaileak. Espainiako diktaduran egindako krimenak ikertzen ari dira Argentinan.

Asteburuan Donostian frankismoaren aurka egindako manifestazioa. EiTB
Asteburuan Donostian frankismoaren aurka egindako manifestazioa. EiTB
Frankismoan torturak egiteagatik 4 lagun atxilotzeko agindua eman dute

1:00

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Polizia eta Guardia Zibileko lau goi-funtzionario ohiren estradizioa eskatu du Argentinako epaile batek, Interpolen bidez. Frankismoan tortura delituak egin izana leporatzen die auzian. Espainiako diktaduran egindako krimenak ikertzen ari dira Argentinan.

Jesus Muñecas Aguilar guardia zibil ohia, Celso Galvan Abascal Francisco Francoren bizkartzain ohia, Jose Ignacio Giralte Gonzalez komisario ohia eta Jose Antonio Gonzalez Pacheco Billy El Niño inspektore ohiaren estradizioa eskatu du Maria Servini de Cubria magistratuak.

2010ean, Buenos Airesen, kereila jarri zuten elkarteei ebazpenaren berri eman die epaileak. Espainiako Auzitegi Nazionalak auzia itxi eta gero kereila aurkeztu zuten elkarteek. Emilio Silva Memoria Historikoa Berreskuratzeko Elkartearen sortzaileak azaldu duenez, "frankismoaren zigorgabetasuna urratzen duen lehen pauso bat da".

Silvaren ahotan, Poliziako lau funtzionario ohien "inputazioak" prozesu bati hasiera ematen dio, "ez dakigu nora helduko den", baina "aurrerapauso bat da gertakariak kriminalak direla esaten duelako". Goi-kargudun ohiek "Segurtasun Zuzendaritza Nagusia torturak eta legez kontrako atxiloketak" egiteko erabili zuten, Silvaren esanetan.

"Argentinako Justizia izatea tristea da, hemen gertatzea ezinezkoa delako", deitoratu du Silvak. Albistearekin pozik azaldu da, baina Espainiako Gobernuari "erantzuteko eta lankidetzan aritzeko" eskatu dio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea