Politika -
Enplegu-erregulazio auzia
Magdalena Alvarezek urriaren 8an deklaratuko du EEEen auziarengatik
Alaya epaileak Justo Mañas Enplegu sailburuordea eta Jose Salgueiro Ekonomia sailburuordea ere deitu ditu deklaratzera.
Erredakzioa
Mercedes Alaya epaileak, Andaluziako enplegu-erregulazioen auzia ikertzen ari den epailea, Magdalena Alvarez Sustapen ministro ohia deklaratzera deitu du. Datorren urriaren 8an aurkeztu beharko du Alvarezek epailearen aurrean.
Efe agentziak jakitera eman duenez, autoak Justo Mañas Enplegu sailburuordea eta Jose Salgueiro Ekonomia sailburuordea ere dietu ditu deklaratzera. Mañasesk urriaren 17an deklaratu beharko du eta Salgueirok urriaren 3an.
EEEen auziak 123 akusatu ditu. 72 ez dira oraindik Alayaren aurrean izan, inputatu gisa bi urte baino gehiago eraman arren. Hori dela eta Korrupzioaren aurkako Fiskaltzak "egutegi zentzudun" bat prestatzeko eskatu zion Alayari. Magistratuak egutegia berrantolatu du eta irailaren 19tik urriaren 24ra bitartean 20 lagun deitu ditu deklaratzera.
Era berean, autoan jasotzen denez, epaileak 31L kontu-sailaren inguruko txostenak eskatu dizkio Andaluzioako Kontu Ganberari. Enplegu sailari, gainera, 2000 eta 2010 urte bitartean 31L kontu-sailaren inguruan egindako ikerketen txostenak igortzeko eskatu dio, eta "txosten zehatzik" egin duen galdetu.
Aste honetan bertan Alaya epaileak Jose Antonio Griñan eta Manuel Chaves presidente ohien inputazioari atea ireki dio. Horrez gain beste bost sailburu ohi inputatu ditu.