Politika -

Eusko Legebiltzarra

Bake Lantaldeak aurrera egingo du, EAJ eta EH Bildurekin

PSEren ezezkoaren ondotik, lantaldea "moldatu" beharko dela aitortu dute bi aldeek ordubetez bilduta egon ondoren eskainitako prentsaurrekoan.

Bake Lantaldea bilduta egon da ordubetez. Argazkia: EiTB
Bake Lantaldea
Egibar 'Talde guztiek daukate tokia ponentzia honetan'

3:11

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarreko Bake Lantaldeak aurrera egingo du, EAJ eta EH Bildu alderdiekin bakarrik. Hala iragarri dute bi alderdiok gaur ordubetez bilduta egon ostean.

PSE-EEk asteon iragarri du ez zuela lantaldean jarraituko, ezker abertzaleak bere jarreran atzera egin duela argudiatuta. Horrenbestez, bi alderdiek bakarrik egin dute gaur bilera, PP eta UPyDk hasieratik egin baitzioten uko lantaldean parte hartzeari.

Gaurko bileraren ondotik, prentsaurrekoa egin dute Joseba Egibarrek (EAJ) eta Laura Mintegik (EH Bildu) eta agerraldiotan jakinarazi dute lantaldeak aurrera egingo duela.

Lantaldea "moldatu" beharko da

Egibarren eta Mintengiren hitzetan, PSEren ezezkoaren ostean, lantaldea "moldatu" beharko da, baina bakearen eta elkarbizitzaren alde lanean jarraitzeko biltzen jarraituko dutela iragarri dute, hurrengo batzarraren data zehaztu ez badute ere.

Bi aldeek nabarmendu dutenez, "atea irekita" dute PSEk, PPk eta UPyDk lantaldera biltzeko.

Egibar: "Bakeaz hitz egiteko leku aproposena da Lantaldea"

Joseba Egibar EAJk Legebiltzarrean duen bozeramaileak aitortu duenez, PSEk emandako ezezkoak foro honen "baldintzak aldatu ditu" baina lanean jarraitu behar dagoela defendatu du.

Hala, Lantaldean ez dauden alderdiei (PSE, PP eta UPyD) biltzeko deia egin die, bakea eta elkarrizketzaz hitz egiteko "leku aproposena" delako.

Horren ildotik, ETAren jarduna etenda dagoen honetan, alderdiok lantaldean ez egotea deitoratu du Egibarrek. Izan ere, haren esanetan, "une gogorragoetan, ETAk atentatuak egiten zituen garaian, elkarrizketa bideak bilatzen zituzten".

Mintegi: "PSEren sabotajea ulertezina da"

Laura Mintegi koalizio abertzalearen bozeramailearen berbetan, "PSEren sabotajea ulertezina da". Bestalde, eta kazetariek galdetu badiote ere, eledun abertzalea ez da Lantaldearen inguruan EAJn izan daitezkeen "kontraesanen" inguruan mintzatu, "zarata" saihesteko.

Lantaldeak "arnasa har dezan", EH Bilduk proposamena aurkeztu duela iragarri du Mintegik. Besteak beste, ekarpenen bat egin dezaketen persona zerrenda proposatu du koalizioak; "sentsibilitate guztietakoak daude", gaineratu du.

Lantaldean egin beharreko moldaketen artean 'zoru etikoa' aldatzea ote dagoen galdetu diotenean, berriz, kontua hori ez dela azpimarratu du Mintegik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea