Politika -
Elkarrizketa ETBn
Erkoreka: 'Diadan ikusitakoa ezin da ukatu ezta estali ere'
Hala ere, Josu Erkorekak Kataluniako eta Euskadiko egoerak bata bestearengandik bereizi ditu, "ezberdinak direlako", eta bakoitzak egin beharreko bidea ere ezberdina delako.
Leire Etxazarra | eitb.com
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen ustez, 2013ko Diadan ikusitakoa "ezin daiteke ukatu, ezta estali ere". Erkorekak esan duenez, Diadaren ospakizunean ikusitako "emozio nazionala Kataluniako gizartean sendo errotutako sentimendua da, ez erakundeen bidez bakarrik bultzatutako zerbait".
Kataluniaren eta Euskadiren egoerak alderatuta, Jaurlaritzako bozeramaileak ezberdintasun nabarmenak ikusten ditu: "Bi nazio gara, mugimendu nazional indartsu batekin, baina errealitate ezberdinak bizi ditugu: gizarteak eta alderdi politikoak ere diferenteak dira".
Talde ultraeskuindar batek Generalitateak Madrilen duen egoitzari egindako erasoaz ere aritu da: "Horrelako mugimenduak beti egon dira, baina deigarria da azken boladan duten inpunitate sentimendua".
Bake lantaldea
Bake Lantaldearen gaiari dagokionez, PSEk bilerara ez joateko agertutako jarrerak "gauzak zaildu" dituela onartu du Erkorekak, eta horrek "lantaldearen planteamendu berria" egiteko beharra ekarriko duela.
Hala ere, Jaurlaritzako bozeramaileak berretsi egin du Urkulluren Gobernuak Bake Lantaldearen aldeko apustua "adostasunak lortzeko lan tresna baita". Bakearen bidean aurrera egiteko "ezinbestekoa da alderdien topagune bat egotea".
EAJ-PSE ituna
Bestalde, eta EAJ-PSE itunaren harian, Erkorekak onartu egin du bi alderdien babesa "ez dela nahikoa" itunaren eduki guztiak aurrera ateratzeko.
"Akordioa sinatu genuenean bagenekien gainontzeko alderdien babesa bilatu behar genuela", azaldu du. Erkorekaren ustez, PPk bat egitea posiblea da, horretarako borondatea agertu duelako, baina ez EH Bilduk.