Politika -
Diada
Kataluniako Diadaren gakoak
Giza katea Kataluniako gizartean independentismoa hartzen ari den indarraren erakusle izango da.
Erredakzioa
Nola aldatu da testuinguru politikoa iazko Diadatik?
Duela 12 hilabete, CiUk gehiengo nabarmena zuen, 62 eserleku baitzituen. Egun, 12 diputatu gutxiago ditu, eta, inkestetan, ERCk aurrea hartu dio. Alderdi hori, oposizioan badago ere, bere aliatu nagusia da legegintzaldi honetan, eta biek 2014. urtean kontsulta independentista bat egitea hitzartu dute. Estatuak baimena emango ez balu, 2016. urtean plebiszitu-hauteskundeak deituko dituela aurreratu du Artur Masek.
Giza katea independentisten indarraren erakusle izango al da?
Kataluniako Asanblea Nazionala (ANC) plataformak giza kate bat deitu du 17:14rako, Ondorengotza Gerran Felipe V.aren tropek Bartzelona menderatu zuten urteari erreferentzia eginda. Guztira, 400.000 pertsonak baino gehiagok hartuko dute parte, Katalunia iparraldetik hegoaldera lotzeko. 400 kilometro, orotara.
Zer alderdik babesten dute giza katea?
CDCk, ERCk eta CUPek babesa agertu diote deialdiari, eta alderdi horien buruzagi nagusiek parte hartuko dute. Unio, CDCrekin batera CiU koalizioa osatzen duen alderdia, aldendu egin da, deialdiaren kutsu independentista dela eta, baina Joana Ortega Generalitateko presidenteordeak eta bi diputatuk parte hartuko dute.
PSC eta ICV kontsultaren aldekoak dira, baina euren kideen artean hainbat sentsibilitate politiko daude. Hori dela eta, buruzagi batzuk joan egingo dira, eta beste batzuk, ez. Bestalde, PPCk eta Ciutadansek ez dute parte hartuko. Euskal Herritik, EH Bilduk hartuko du parte.
Zein da Generalitatearen jarrera?
Artur Mas Generalitateko presidenteak giza katearen antolatzaileak hartuko ditu gaur, ekimena hasi baino lehen. Masek ez du parte hartuko katean, baina babesa agertu dio eta askatasuna eman die bere kontseilariei, parte hartu edo ez erabakitzeko. Gutxienez, Kataluniako Gobernuan dauden 12 kontseilarietako 10 joango dira.
Eta Diadaren ostean, zer?
Artur Masek epe laburrerako bi erronka ditu Diadaren ostean, eta biek ERCrekin dute lotura. Alde batetik, Aurrekontuak adosten saiatu beharko da, eta, bestaldetik, 2014. urterako aurrez ikusita dagoen kontsulta independentistaren data zehatza eta galdera negoziatu beharko ditu. Horrekin lotuta, Espainiako Gobernuak kontsulta ez galaraztea ere erronka nagusietako bat izango da.