Politika -
2013ko Diada
Giza kate batek independentzia eskatuko du, Mas Madrilera begira dela
400.000 lagun baino gehiago bilduko dituzte, Katalunia zeharkatuko duen 400 km-ko giza katean. Masek galdeketaren eta Estatuaren baimenaren harian egindako adierazpenen oihartzuna nagusi da oraindik.
Erredakzioa
2013ko Diadak milaka lagun aterako ditu Kataluniako kaleetara, giza kate erraldoi batekin independentzia eskatzeko. ANC Assemblea Nacional Catalanak deitu du ekitaldia.
Artur Mas Generalitateko presidenteak galdeketaren eta Estatuaren baimenaren harian egindako adierazpenen oihartzuna nagusi da oraindik Katalunian, eta adierazpen horiek protagonista izango dira aurtengo Diadan. Izan ere, Estatuaren baimenik gabe kontsulta egingo ez duela eta, baimenik lortuko ez balu 2016an plebiszitu-hauteskundeak deituko dituela adierazi zuen.
Aurtengo giza kateak joan den urtean Bartzelonako kaleak bete zituen manifestazioari jarraipena eman nahi dio. Antolatzaileen arabera, milioi bat lagun baino gehiago bildu zituzten iaz, Bartzelonan inoiz egin den martxarik jendetsuenetako batean.
Orduan itun fiskala zen Artur Masen eskaera, baina, azkenean, independentziaren aldeko manifestazioa izan zen orduko hura.
Kataluniako politika mundua eta Masen Gobernua bera ere astindu zituen erantzunak, eta, handik gutxira, Rajoyren Gobernuaren ezezkoa jaso zuen Masek.
Kataluniako hauteskundeak aurreratu egin zituen presidenteak, baina, egoera aldekoa zuela ematen bazuen ere, emaitzak ez ziren izan espero zituztenak. CiUk 12 eserleku galdu zituen, eta ERC atera zen onuradun.
Orain, Generalitateko presidente denetik hirugarren Diada du Masek aurretik, eta, jomuga, ''Estatuarekin adostutako edo Estatuak baimendutako'' galdeketa egiteko asmoa. ERCk dagoeneko gogorarazi dio galdeketa 2014an egin behar dutela.
Giza katea, zenbakitan
Kataluniako 86 herri zeharkatuko du giza kateak, eta, guztira, 400 kilometro betetzeko helburua dute. 400.000 lagunek eman dute izena ekitaldian parte hartzeko.
Guztira, 30.000 boluntario mobilizatu dituzte, eta horietatik 5.000 katean izango dira, segurtasuna bermatzeko. Halaber, 800 argazkilari unearen irudi erraldoia eratzen saiatuko dira. Helikopteroen alokairuak gainezka daude, eta dagoeneko 500.000 kamiseta baino gehiago saldu ditu antolakuntzak.
Guztira, 6.823 Esquadra mosso mobilizatuko dituzte.
Kanpai hotsak eta ekitaldi politikoak
17:14an abiatuko da katea, kanpai-hots artean. Giza katea Bartzelonako toki esanguratsuenak zeharkatuko ditu, tartean Familia Santuaren basilika, Camp Nou zelaia, Kataluniako Parlamentua, Katalunia plaza eta Sant Jaume plaza. Ondoren, 3 ekitaldi politiko egingo dituzte.
Katalunia plazan egingo dute horietako bat, eta ANCko presidenteak hitzaldia eskainiko du bertan. Giza katearen bidez, Kataluniako prozesua munduan zabalduko dela eta galdeketa 2014an egin behar dutela agerian geratuko dela ohartarazi dute ANCk eta ERCk.
Diadako ekitaldi ofizialei eutsi die Gobernuak
Irailaren 11n azken urteotan egin izan diren ekitaldi instituzionalei eutsiko die Kataluniako Gobernuak, ''mundu guztia ordezkatuta senti dadin bermatzeko'
Duran i Lleida ez da giza katean egongo
Giza kateak CDCren eta ERCren babesa jaso du. Josep Antoni Duran i Lleida Unióko buru eta CiUko idazkari nagusia ez da bertan egongo, eta Artur Mas Generalitateko presidenteak ere ez du katean parte hartuko, baina antolatzaileak hartuko ditu goizean. Generalitateko 12 kontseilarietatik 9k gutxienez giza katean hartuko dute parte.
Kataluniako PP eta Ciutadans alderdiak ere ez dira Diadaren ekitaldi instituzionalean izango.
Euskal ordezkaritza Diadan
Andoni Ortuzar buru izango duen EAJren ordezkaritza bat Katalunian izango da, Diadaren ekitaldi ofizialetan. Aralar ere ekitaldi horietan izango da.
Bestalde, Independentistak sareak deituta, 200 bat euskaldunek hartuko dute parte giza katean. EH Bildu eta Aralar bera ere katean izango dira.