Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Hasier Arraiz: 'Ez dugu geure burua bake lantaldetik baztertuko'
EAJren eta PSEren arteko itun fiskalari dagokionez, Sortuko presidenteak "epe laburrera" begira egindako akordioa dela kritikatu du, "adabakiak jartzeko eredu batean oinarritutakoa".
L.E. | eitb.com
EH Bilduk ez duela bere burua "inolako bake lantaldetik baztertuko" esan du Hasier Arraiz Sortuko presidenteak Radio Euskadin, bakegintzan eta normalizazio politikoan aurre egiteko tresnei uko egiteko asmorik ez dutela berretsita.
Arraizek salatu duenez, arazoa ez da ezker abertzaleak "historian egindakoa eta sufritutakoa" bake lantaldearen testua agertzeko egindako eskaera, "benetako arazoa zenbait alderdik EH Bildurekin batera lan egin nahi ez dutela" baizik. Horren aurrean, ezker abertzaleko ordezkariak azpimarratu egin du "EH Bilduk bake lantaldea aurrera ateratzeko" lan egingo duela, eta "jarrera positiboa eta emankorra" izango dutela.
ETAren desarmeari dagokionez, "zuhurtziaz" jokatzeko eskatu du, bestela "itxaropen faltsuak" baino ez direlako sortzen. Ildo beretik, desarmeaz informaziorik ez dutenei "gaiaz hitz egiteari uzteko" esan die.
EAJ-PSE ituna
EAJ-PSE itun fiskalagatik galdetuta, Hasier Arraizek akordioaren inguruko zehetsunik ez dutela salatu du, baina, lehen datuen arabera, "epe laburrera begira" egindako akordioa dela kritikatu du, "adabakiak jartzeko eredu batean oinarritutakoa".
"Euskal Herria aldaketa sakonak egitea eskatzen ari da, Espainiako eredu ekonomikoaren dependentzia apurtzeko, eredu horrek gurera hondamendia besterik ez dakarrelako", azaldu du Arraizek. "Akordioak ez die herri honek dituen interesei erantzuten, PSEren eta, batez ere, EAJren interesei erantzuten die", adierazi du.