Politika -
URRIAREN 26AN, BILBON
Herriko Tabernen eta Segiren auzietan auzipetuek protesta deitu dute
Deialdia egin dutenek alderdi politiko eta sindikatuekin elkarrizketak izango dituzte bihartik aurrera, Bilboko kaleetan egingo duten manifestaziora begira, atxikimenduak bilatzeko.
ETA Herriko Tabernen bidez finantzatu ote zen ikertzeko auziagatik (35/02) eta 2009an Segiren aurkako operazio batean atxilotu ondoren urritik aurrera epaituko dituztenek "elkartasun manifestazio bat" deitu dute urriaren 26rako. Bilboko kaleetan izango da protesta ekitaldia.
Deialdiaren berri emateko prentsaurrekoan, bi sumarioetako auzipetuak izan dira, besteak beste, Karmelo Landa Batasunako Mahai Nazionaleko kide ohia, Mikel Totorika, Jon Gorrotxategi, Xabier de la Maza, Karlos Renedo eta Juan Ignacio Lizaso.
Totorikak esan duenez, "une politiko berri honetan, urte askoan bizi eta pairatu dugun gatazka hau atzean uztera bideratuta egon beharko lirateke ahalegin guztiak, baina Espainiako Estatua, baliabide juridikoak erabiliz, kontrako noranzkoan doa".
ETA herriko tabernen bidez finantzatu ote zen ikertzeko prozesu judiziala (35/02) urriaren 17an hasiko da, eta 40 pertsona daude bertan auzipetuta. Halaber, Segiko kide izatea egotzi dietenak epaitzen hiru egun lehenago hasiko dira, urriaren 14an.
Bi sumarioetako auzipetuak elkartzen dituzten taldeak "Euskal Herriko alderdi politiko eta sindikatu guztiekin" bilduko dira, babes sozial eta ekonomikoa jasotzeko. "Orain arte egin ditugun eskaera guztiei ondo erantzun diete, eta gehiago egingo ditugu", esan du Landak.