Politika -
Galdeketa Katalunian
Atzera egin ez duela eta galdeketa 2014an egingo dutela esan du Masek
"Galdeketa 2014an egingo dugu, hitzartutako akordio eta itunei jarraituz, betiere horretarako eremu legala aurkitzen baldin badugu'', azaldu du Generalitateko presidenteak.
Erredakzioa
Kataluniaren autodeterminazioaren inguruko galdeketan atzera egin ez duela esan du ostiral honetan Artur Mas Generalitateko presidenteak, eta Rajoyrekin harreman ''publiko eta pribatuak'' izan dituela baieztatu du.
Oriol Junqueras ERCko buruarekin agerraldia egin du Masek, eta azken egunotan egindako hainbat ''hausnarketa'' argitzeko asmoa agertu du. Hala, ''eskema argia'' dela esan du Masek: ''Urte bukaeran galdeketa egiteko data eta galdera edo galderak zehazteko bilera egingo dugu, hartutako konpromisoei eutsiz. Hori ez dugu aldatuko'', esan du.
''Galdeketa 2014an egingo dugu, bai edo bai (...) hitzartutako akordio eta itunei jarraituz, betiere horretarako eremu legala aurkitzen baldin badugu, hori baita adostu duguna'', gaineratu du. Ildo horretan, Masek azpimarratu du galdeketaren aferan ez dutela milimetro bat bera ere atzera egin eta ez dutela geldiarazi ere. ''Egin egingo dugu'', berretsi du.
Generalitateko presidenteak azaldu duenez, bost dira eremu legalak: ''Lau Estutuaren menpe daude, eta bosgarrena, berriz, gure menpe''. ''Eremu legal horietako bat bera ere erabiltzea posible ez balitz, eremu bakarra geratuko litzaiguke. Beraz, eremu legalei boikota egingo balitzaie, hauteskundeak izango lirateke azken baliabidea'', azaldu du.
''Ez dago inongo zalantzarik. Egoera argia da, eta erabakia irmoa. Helburua ondo egitea da'', adierazi du Artur Masek.
Mas subiranotasunaren aldeko ''oihua'' entzuteko gai izatea espero du ERCk
Oriol Junqueras ERCko buruaren ustez, Kataluniako gizartea ''beti izan da gai bere iritzia entzutera emateko'' eta, Masekin batera egin duen agerraldian, presidentea subiranotasunaren aldeko ''oihua'' entzuteko gai izatea espero duela adierazi du.
Masek bilera sekretua egin zuen Rajoyrekin kontsultaz hitz egiteko
Ara egunkariak jakitera eman duenez, Generalitateko presidenteak bilera sekretua egin zuen Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearekin, abuztuaren 29an, Madrilen, eta Rajoyk bilera hori egin zutela baieztatu du gaur bertan.
Egunkari kataluniarraren arabera, Mas Madrilera joan zen aurreko ostegunean Rajoyrekin bilera egiteko, "martxoan egin zuen bezalaxe".
Helburua "Espainiako Gobernuko presidenteak erabakitzeko eskubidearen inguruan duen jarrera" ezagutzea omen zen.