Politika -

Katalunia

Zer dira plebiszitu-hauteskundeak?

Artur Masek eutsi egin dio azaroaren 9ko kontsultari. Dena dela, aurreratu duenez,  'behin betiko kontsulta, berme guztiak izango dituena, plebiszitu-hauteskundeak' deituta bakarrik egin daiteke.

Kataluniako Parlamentua. EFE
Kataluniako Parlamentua. EFE
Kataluniako Parlamentua. EFE

David Perez | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Artur Mas Kataluniako presidenteak eutsi egin dio azaroaren 9ko galdeketari, parte-hartze prozesuei bide emanez: galdeketa egin ahal izateko, beharrezko azpiegitura jarriko dutela iragarri du: "lokalak irekiko ditugu eta hautestontziak eta boto-paperak jarriko ditugu", esan du. Halere,  "behin betiko kontsulta modura, plebiszitu-hauteskundeen aukera gordeta" duela iragarri du.

Kataluniako presidenteak argitu duenez, galdeketa ez dute antolatuko Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzitako dekretuaren irizpideen baitan. Galdeketaren formulazioa hasieran pentsatutako berbera izango da; hau da, independentziari buruzko bi galdera egingo dira.

Dena dela, Artur Masek aurreratu duenez, "behin betiko kontsulta, berme guztiak izango dituena, plebiszitu-hauteskundeak" deituta bakarrik egin daiteke. Oraingoz, aukera hori "gordeta2 duela nabarmendu du. Presidenteak uste du aukera horri diola beldurrik gehien Madrilek.

Plebiszitu-hauteskundeak egiteko aukerarik egokiena "gehiengo zabala" lortzea izango litzateke, Masen irudikoz. "Subiranotasunaren aldeko indarrek osatutako hautagaitza eta programa bateratua", gaineratu du, ERCri keinu zuzena eginez.

Plebiszitu-hauteskundeak, zer dira?

Eduardo Virgala Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Konstituzio Zuzenbideko katedradunari galdetuta, lehenik eta behin plebiszituaren eta erreferendumaren arteko aldea zehaztu du: "Plebiszituetan gai politikoak bozkatzen dira, baina, erreferendumetan, aldiz, testu legalak. Plebiszituak, oro har, erabaki politikoekin daude lotuta, eta agintariari zilegitasuna ematea dute helburu".

"Plebiszitu-hauteskundeak, beraz, ideia horren moldaketa bat izango lirateke, hots, gai bakar baten inguruan egiten diren hauteskundeak", azaldu du, "Ganbara" Radio Euskadiko saioan.

Virgalaren esanetan, ez lirateke hauteskunde "arruntak" izango, eta alderdiek, "200 puntuko hauteskunde programa bat" aurkeztu beharrean, "puntu bakarrekoa" aurkeztuko lukete.

Hala, "Parlamentuaren osaketa hutsa baino gehiago, Parlamentuak berehala erabaki garrantzitsu bat hartu behar duela erabakiko lukete hautesleek".

Hauteskunde mota honekin, kataluniarrek Kataluniaren eta Espainiako Estatuaren arteko harremanak nolakoa izan behar duen erabaki ahalko lukete.

Alderdiek independentziaren aldekoak edo aurkakoak diren zehaztu beharko lukete, eta, aldekoek irabaziko balute, baliteke Parlamentuak aldebakarreko adierazpena egitea independentzia aldarrikatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea