Politika -
Bakerako lantaldea
Bake prozesua 'oztopatzea' leporatu dio EH Bilduk PSEri
Sozialistak ''inboluzio'' fasean daudela eta Patxi Lopezen argudioak ''aitzakia merkea'' direla salatu du. Ugartebururen hitzetan, PSEk eskatzen duen zoru etikoa ''zikin'' dago.
Erredakzioa
EH Bilduk ez ditu onartu Legebiltzarreko Bakerako Lantaldean ez egoteko PSE-EEk emandako argudioak, eta bake prozesua ''oztopatzen'' aritzea leporatu die sozialistei. ''Inboluzio fasean'' eta ''PPtik gero eta gertuago'' egotea ere egotzi dio EH Bilduk PSE-EEri.
Prentsa-ohar batean, Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko legebiltzarkideak salatu du Patxi Lopezek jakitera emandako argudioak ''aitzakia hutsa'' direla, ''PSEren immobilismoa justifikatzeko eta inboluzioa ezkutatzeko''.
''PPren eta PSE-EEren immobilismoaren aurrean, EH Bilduk bakearen eta elkarbizitzaren alde lan egiten jarraitzeko'' asmoa duela berretsi du Beitialarrangoitiak, eta koalizioa ''helburu horiek dituzten'' foro guztietan parte hartzeko prest dagoela adierazi du.
Ugarteburu: ''Zoru etikoa zikin dago''
Maribi Ugarteburu EH Bilduko legebiltzarkidea ere gai honetaz aritu da bere blogean kaleratu duen testu batean, eta Lopezek hizpide duen zoru etikoa ''zikin'' dagoela eta ''irristatu'' egiten duela salatu du.
"Arma politiko gisa erabiltzen diren injustiziaz, mendekuz eta krudelkeriaz beteta dago zoru hori'', gaineratu du.
Madrilera begira egotea egotzi dio Urizarrek Lopezi
Pello Urizar EAko idazkari orokor eta EH Bilduko legebiltzarkideak, bestalde, Madrilera eta zehazki PSOEko primarioetara begira egotea leporatu dio Patxi Lopezi. ''Ez du zentzurik Patxi Lopez Madrildik datozen mezuak zabaltzen aritzea'', esan du Urizarrek Radio Euskadiko ''Ganbara'' saioan.
EH Bilduko ordezkariak, gainera, ETAren arazoari ''guztion adostasunarekin'' behin betiko konponbidea ematea eskatu du. Bestela, arazoa berriz ere agertzeko arriskua dagoela ohartarazi du. ''Ongi konpontzen ez den hori berriz ere arazo gisa agertu ohi da. Behin betiko konponbidea emateko aukera dugu'', gaineratu du.