Politika -
Uztailetik ospitalean
Azkuna hurrengo egunetan atera liteke ospitaletik, Atutxaren arabera
Radio Euskadin egindako adierazpenen arabera, alkatearen osasunak ez du txarrera egin, azken egunetan zabaldu bezala.
Erredakzioa
Iñaki Azkuna Bilboko alkatea "datozen egunetan" Basurtuko ospitaletik atera liteke, Itxaso Atutxa EAJko BBBko presidentearen arabera. Azkuna uztailaren 4an eraman zuten ospitalera, giltzurrun bat kentzeko. "Alkatea daukagu eta lanean da", esan du Atutxak.
Radio Euskadin egindako adierazpenen arabera, alkatearen osasunak ez du txarrera egin, azken egunetan zabaldu bezala. Itxaso Atutxak ostegunean egin zion bisita Azkunari.
Bizkaiko EAJko presidentean esan duenez, Azkuna "animatuta dago eta gertatzen ari denaren berri du egunero". Alkateari "oso zaila egiten ari zaio Bilboko Aste Nagusian ez egotea", baina "bere osasuna jendaurrean berriro agertzea baino garrantzitsuagoa da".
Errekuperazioa, astiro
"Errekuperazioa motela da, hori badakigu, baina oso ondo doa", azpimarratu du. "Datozen egunetan ere onera egingo du, eta baliteke ospitaletik ateratzea". Hala ere, lanean ez da iraila iritsi baino lehenago hasiko.