Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

ETAri bidea markatzea eskatu dio Egibarrek ezker abertzaleari

Halaber, ETAri "desagertze prozesuan sartzeko" deia egin dio, eta ezker abertzaleari "erantzukizun politikoa" bere gain hartzea eskatu dio.

Joseba Egibar EAJko GBBko presidentea. Argazkia: EiTB
Joseba Egibar
Joseba Egibar EAJko GBBko presidentea. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joseba Egibar Legebiltzarreko EAJko bozeramaileak ezker abertzaleari "ausartagoa" izatea eskatu dio ETAk aldebakarreko desegitea egiteko eta estrategia armatuarekin egindako minaren aurrean erantzukizun politikoak hartzeko.

Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, Egibarrek ezker abertzaleari esan dionez, "ezin da ETAren orrialdea besterik gabe itxi, ezer gertatu izan ez balitz bezala", eta talde armatuaren ekintza "amaitu delako, ez da ezertaz hitz egin behar".

"Ez, ez, guztiaz hitz egin behar da, ordenaz, zapaldu gabe, umiliatu nahi gabe, baina erantzukizun politikoa ezkutatzea edo txikiagotzea ahalbidetu gabe, besterenezinak diren erantzukizun politikoak daudelako", azaldu du Egibarrek.

Egibarren hitzetan, preso bakoitzaren erantzukizun indibidualetatik haratago, "kolektiboak eta politikoak daude, eta hor ezker abertzalea ETAren eta horren komunikatuen pausoak jarraitzen ari da".

"Ausarta izan behar du, bidea egin eta azaldu. Sorturi hala esan diogu", nabarmendu du Egibarrek.

"Sinesgarritasuna lortu nahi badu, eta denbora ez da alferrik pasatzen, euskal herritarrei zuzendu behar zaie eta estrategia armatuarekin oker zeudela esan behar die, ondorio konponezinak izan dituela eta gizarteari kalte egin zaiola. Eta hori politikoki onartu egin behar da, etorkizunean eraikiko dugunak oinarri solidoak izan ditzan", azpimarratu du.

Donostiako konferentziari dagokionez, "ez dago konferentziaren horrenbesteko beharrik, aldiz, bai erabakiena", esan du. Halere, "zerbait ekarri baldin badezake, ongietorria izango da", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea