Politika -

Gatazken ebazpena

Nazioarteko bake konferentzia bat egingo dute Donostian urrian

Donostiako Udalak antolatuta, Bakearen Aldeko Alkateak nazioarteko erakundeko kideek Esparru lokaletatik bakea eraikiz konferentzian parte hartuko dute, urriaren 10ean eta 11n.

Konferentzian nazioarteko hainbat alkatek eta adituk parte hartuko dute
Konferentzian nazioarteko hainbat alkatek eta adituk parte hartuko dute. Argazkia: EFE
Izagirrek bake konferentzia iragarri du udazkenerako

1:22

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urrian, mundu osoko hainbat alkatek nazioarteko bake konferentzia bat egingo dute Donostian, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak EiTBri jakinarazi dioenez.

Mundu osoko alkateek euren herrietako gatazken inguruko esperientziak elkartrukatuko dituzte Donostian. Alkateez gain, gatazkak konpontzen eta bakea eraikitzen adituak diren hainbat lagunek parte hartuko dute.

Donostiako Udala da ekimena bultzatu duena, eta "Bakearen Aldeko Alkateak" nazioarteko erakundeari luzatu dio gonbidapena Esparru lokaletatik bakea eraikiz konferentzian parte har dezaten. Ekitaldi guztiak Aieteko Bakearen Etxean eta Kursaal jauregian egingo dira.

Donostia Euskal Herriko bake prozesuko ikur bihurtu da, bereziki Aieteko adierazpena egin zenetik, Juan Karlos Izagirreren arabera, eta, horregatik, hiria toki egokia da, haren hitzetan, topaketa egiteko. Halaber, esparru lokaletatik egiten diren ekarpenak garrantzitsutzat jo ditu.

"Mundu osoan gertatzen diren esperientzietatik ikasteko aukera da, baita Euskal Herrian gertatzen ari dena mundura zabaltzeko ere", esan du Izagirrek.

"Nazioarteko hainbat alkateren ekarpena ez ezik, gatazkak konpontzen eta bakea eraikitzen adituak diren zenbait pertsonak ere euren ekarpena egingo dute konferentzian", Izagirrek azaldu duenez.

Litekeena da Iñigo Urkullu lehendakariak hasierako ekitaldian parte hartzea.

 

Eztabaida tadeak

Alkateak iragarri duenez, lau taldetan bananduko dituzte konferentziako eztabaidak: "Hirien gaineko eztabaidak, bake prozesuak eta gatazkak; gatazkaren konponketaren ondorengo erronkak; nazioartean bakea lortzeko ekarpena, eta herri mailako lana".

Esparru horietan "gatazken eraldaketa prozesuetan sartuta dauden hirietako alkateen ikuspuntuak" izango dituzte hizpide, eta "konponbidean aurrerapausoak eman eta orain erronka berriak dituzten herrien esperientziak" partekatuko dituzte.

Halaber, "gatazken konponbiderantz aurrerapausoak ematen lagundu duten ekimenak martxan jarri dituzten hirietako alkateen" iritziak ezagutuko dira, eta "herri mailatik elkarrizketa eta adiskidetzearen alde egin daitekeen lana" aztertuko dute.

Batetik, konferentzia honen nondik norakoak ezagutarazi ditu Izagirrek; bestetik, Donostia "bakearen erreferente" zergatik den azaldu du. Gainera, ziur agertu da udalek lan handia egin dezaketela bakearen alde, eta "Hiroshima eta Nagasaki orain dela 68 urte suntsitu zituztela eta Gernikako bonbardaketa" gogoan izan ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea