Politika -
Elkarrizketa
ETAk ez duela inoiz gehiago atentaturik egingo esan du Mintegik
Bake prozesuari dagokionez, Alderdi Popularra arduragabekeriaz jokatzen ari dela uste du EH Bilduko bozeramaileak.
Erredakzioa
Gertatzen dena gertatzen dela eta bake prozesua usteltzen bada ere, ETAk ez du inoiz gehiago atentaturik egingo, Laura Mintegi EH Bilduko bozeramailearen arabera. Horren esanetan, lehenago eroriko da Rajoyren gobernua.
Bake prozesuan, Alderdi Popularra arduragabekeriaz jokatzen ari dela salatu du Mintegik. Horren ustez, ETAk egitura militarra desegingo du, eta hori lehenbailehen gertatzea espero du.
"ETAk pauso hori emango duela ziur nago, kontua ez baita erabiliko ez diren armak gordetzea. Une hori lehenbailehen heltzea nahiko nuke, izan ere, alde guztiek pausoak eman dituztenaren seinale litzateke", adierazi du Efe albiste agentziari eskainitako elkarrizketan.
Zabalik dagoen eskenatoki berriaren aurrean, Alderdi Popularra ezikusiarena egiten ari da, Mintegiren esanetan. Alderantziz, Espainiako Gobernua atzera egiten ari dela dio Mintegik, espetxeetako egoera okertu eta ETArekin hitz egiteari uko egiten diolako.
Mintegik nabarmendu duenez, behin betirako bakea da EH Bildu koalizioak bilatzen duena, "eta horretarako gauzak ondo egin behar dira, inor umilatu gabe".