Politika -
Donostian
EH Bildu Gobernuaren 'inboluzioaren' kontra manifestatuko da
Nabarmendu dutenez, "Estatu espainiarra krisi estruktural sakon batean murgilduta dago" eta "Madrilek zentralizazioaren eta ukapenaren aldeko" apustua egiten du.
Erredakzioa
EH Bilduk manifestazio bat deitu du abuztuaren 10erako Donostian Gobernu espainiarraren "inboluzioaren agendaren" kontra.
Sasi guztien gainetik, Euskal Herria martxan lelopean, deitzaileek azaldu dute mobilizazioaren bidez "oztopo guztien gainetik bere etorkizunaren jabea izango den herri bat" dagoela erakutsiko dute.
Joxean Agirre eta Ainhoa Beola EH Bildu alderdiko ordezkariek prentsaurreko batean eman dute ekimenaren berri. "Estatu espainiarra krisi estruktural sakon batean murgilduta dago" eta "Estatuaren botere faktikoek duela 35 urte adostutako ereduak porrot egin du", gaineratu dute.
Hala ere, deitzaileen esanetan, aipatutako "porrota ikusita Estatuak ez du frankismoarekin lotzen duten kateak apurtu nahi izan, eta benetako demokrazia lortzeko transizio bat abiatu", baizik eta "Madrilek zentralizazioaren eta ukapenaren aldeko" apustua egiten du.
Horren ildotik, "zilegi diren aldarrikapen demokratikoen aurrean Estatuak mehatxuak egiten ditu, erabakitzeko eskubidea urratuz eta estatu-eredu bat inposatuz".