Politika -

Euskal ''Y''

AHTa Europarako irteerarik gabe geratu da

Frantziako Gobernuak 2030era arte atzeratuko du Euskadirekin konektatuko duen abiadura handiko trenbide sarearen eraikuntza.

AHTa egiteko obrak Gipuzkoan. Argazkia: EITB.
AHTa egiteko obrak Gipuzkoan. Argazkia: EITB.
AHTa egiteko obrak Gipuzkoan. Argazkia: EITB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Gobernuak begi onez hartu zuen atzo garraio azpiegituren inguruko txostena, abiadura handiko trenaren (AHT) trenbidearen zatirik handiena eraikitzeko lanak 2030era arte atzeratzea proposatzen duena, Euskadirekin konektatu behar zuena tartean.

Jean-Marc Ayrault Frantziako lehen ministroak L'Usine Nouvelle aldizkariari esan dionez, ados dago txosten horrekin, baita Espainia eta Frantzia Pirinio zentraletatik konektatzeko proiektua 2050era arte atzeratzeko proposamenarekin ere.

Philippe Duron diputatu sozialistak egin du aipatu dokumentua. Horren arabera, datozen hogei urteetarako aurreikusita zeuden azpiegitura handiak egiteko kostua 245.000 milioi eurokoa izango zen, "guztiz onartezina, horiek finantzatzeko ardura duen agentziak urtero 2.000 milioi euro besterik ez duelako", azaldu du.

Duronek zortzi hilabete eman ditu garraioen proiektuen eskemak prestatzen, eta, bere iritziz, egun dauden azpiegiturak hobetu beharko lirateke eta AHTaren linea berriak alde batera utzi 2030era arte.

Salbuespen bakarrak dagoeneko eraikitzen ari direnak izango dira: Tours-Bordele (Paris eta Tours lotzen dituena osatzeko) eta Le Mans-Rennes (Paris eta Le Mans lotzen dituenaren jarraipena).

Horiei Bordele eta Tolosa lotzen dituena gehituko diete 2030a baino lehen. Hala ere, atzeratu egingo dute Bordele eta Euskadiko muga lotuko dituena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea