Politika -
CAN auzia
Yolanda Barcina inputatzeko lehen pausoa eman du epaileak
Nafarroako Kutxaren dieta irregularrak ikertzen ari den epaileak Auzitegi Gorenera igorri du auzia, foru presidentea inputatzea azter dezan.
Erredakzioa
Nafarroako Kutxako (CAN) ustezko dieta irregularrak ikertzen ari den epaileak Auzitegi Gorenera igorri du auzia, Yolanda Barcina Foru Gobernuko presidentea inputatzea azter dezan.
Fiskaltza eta herri akusazioak (Kontuz elkartea eta UPyD alderdia) auzia Gorenera igortzearen aurka zeuden. Izan ere, Ministerio Publikoak ez du delitu penalen zantzurik ikusten, eta akusazioek nahiago dute auzia Iruñeko epaitegiak ikertzea.
Funtzionario-eroskeria egotzita, Barcinak inputatu gisa deklaratzea "ezinbestekoa" dela adierazi zuen Mari Paz Benito Iruñeko 3. zenbakiko auzitegiko epaileak, hilaren 4an publikatutako auto batean. Gainera, agintaria forupekoa denez, deklarazioa Auzitegi Gorenean egin beharko lukeela gogorarazi zuen.
Barcina CANeko Batzorde Iraunkorreko kide zen, Miguel Sanz Foru Gobernuko presidente ohiarekin, Enrique Maya Iruñeko alkatearekin eta Alvaro Miranda Ekonomia kontseilari ohiarekin batera. Barcina ez beste agintariak inputatuta daude.
CANeko Administrazio Kontseiluko gainerako kideek ez zuten organo horren berri, ez zegoelako estatutuetan araututa. Hala ere, lau kideek dieta bikoitzak eta hirukoitzak jasotzen zituzten.
Dieta bakoitza 2.680 eurokoa zen presidentearentzat, eta 1.717koa gainerako kideentzat. Dieta horiek, gainera, irregularrak ziren, nominetan ez baitzeuden dieta gisa jasota, eta Espainiako Bankuak eta Balore Merkatuko Batzorde Nazionalak (CNMV) ez zutelako horien berri. Horrenbestez, "edozein kontroletatik kanpo" zeudena ohartarazi zuen epaileak.