Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

EAJ-PSE negoziazioetan 'pauso handiak' eman dituztela dio Egibarrek

EAJren bozeramaileak Euskadin "Konstituzioan aldaketak egitea" adostea eskatu du.

Joseba Egibar EAJko bozeramailea. EiTB
Joseba Egibar EAJko bozeramailea. EiTB
Joseba Egibar EAJko bozeramailea. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk eta PSE-EEk abiatutako negoziazioetan "aurrerapauso handiak" eman dituztela iragarri du Joseba Egibar EAJren GBBko presidenteak. Horregatik, zerga sistemari buruzko akordioa abuztua baino lehen ixtea espero duela gaineratu du.

Horren esanetan, EH Bildu eta PP ere "kontuan" hartu behar dituzte, eta sozialisten jarrerak "koalizio abertzalearenetik gertu" daude.

Egibarrek Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, beharrezkoa da neurri fiskalak "une honetan bertan" adostea, berehala indarrean sartu eta 2014. urterako diru-sarrera berriak ekar ditzaten.

"Denbora agortzen ari da. Fiskalitatea oro har eta zerga berriak uda baino lehen diseinatu behar dira. Eta horretarako beste alderdi politikoak ere kontuan hartu behar dira", nabarmendu du.

Kontzertu ekonomikoa

Bestalde, Euskadin "Konstituzioan aldaketak egitea" adostea eskatu du Egibarrek, "erabakitzeko eskubidea errotzeko". "Helburua 38 milioi pertsona [Espainiako biztanleak] 3 milioi pertsonaren [EAEkoak] aurrean inposatzea bada, gatazkak iraun egingo du", ohartarazi du.

Bozeramaile jeltzalearen esanetan, ez da "zorizkoa" Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak Kupoa "berrikusi" egin daitekeela esan izana.

Horren ildotik, Kupoa berriz kalkulatzeko proposamena "PSOEk edo Rubalcabak denak entretenitzeko" sortu duten "eztabaida berria" dela esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Joseba Egibar Artola albisteak