Politika -
Kontzertua kentzea eskatu du
Euskal alderdiek PSCren proposamena salatu dute
EAEko Kontzertu Ekonomikoa "pribilegioa" baino, "eskubidea" dela gogorarazi diote PSCri.
Erredakzioa
Andoni Ortuzar EAJko presidenteak "astakeria"tzat jo du Pere Navarro PSCko idazkari nagusiak EAEko Kontzertu Ekonomikoa eta Nafarroako Ituna desagertzea eskatzea, eta eskaera hori "azterketa politiko baten ondorio baino, ezjakintasunarena izatea" espero duela adierazi du.
Buruzagi jeltzalea "minduta" agertu da, proposamena "kataluniar eta sozialista batek" egin duelako. Horregatik, Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiari Kontzertua defendatzeko eta alderdi barruan "pedagogia egiteko" eskatu dio.
Xabier Mikel Errekondo Amaiurrek Kongresuan duen bozeramaileak Kontzerua "eskubide bat" dela aldarrikatu du, "eta ez pribilegio bat".
"Subiranotasuna eta Euskal Herrian diseinatu nahi dugun eredu sozioekonomikorako eskubide osoak eskatzen ditugu", nabarmendu du. Gainera, zerga arloko eskuduntzak guztiak transferitzeko deia egin du.
Sozialisten artean, bakarrik geratu da PSC. Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak ‘gatazka berriak sortzea” leporatu dio Navarrori. “Kataluniak dituen arazoak ez dira EAEko Kontzertuaren ondorioz sortu”, gaineratu du.
Kataluniak dituen “arazo larriak” konpontzeko eta “atentzioa ez desbideratzeko” exijitu dio Pastorrek Navarrori.
PSNk ere Nafarroaren Kontsertua eta “foralitatea” defendatu ditu. Navarro “oker” dagoela eta Kontzertua “pribilegio bat” dela esatea gogor kritikatu du.
Madrilen, PSOEko zuzendaritzak PSCren proposamena baztertu du eta Konstituzioaren Erreformaren proposamenaren baitan ez duela Navarroren eskaera sartuko adierazi du.
Barcinak errektifikazio bat eskatu dio
Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak lurraldeko sistema fiskala "errespetatzea" eskatu dio Pere Navarrori.
"Kataluniaren onerako bakarrik eskatzen dituzte Konstituzioan aldaketak egitea", salatu du.
PPk gogor kritikatu ditu Navarroren hitzak eta PSCren idazkariari EAEko eta Nafarroako Kontzertua zer den ez jakitea egotzi dio. “Ez da pribilegio bat, Estatuarekin adostutako kooperazio eta zintzotasun formula bat baizik”. PPren ustez, Navarroren proposamena PSOEk Espainian bizi duen “nahasmenaren” erakusgarri da.
UPyD, eskaeraren alde
Gorka Maneiro UPyDko bozeramaileak EAEko eta Nafarroako Kontzertu Ekonomikoak bertan behera uzteko eskatu du berriro ere. “Herritarren berdintasuna apurtzen duten pribilegioak dira”, adierazi du.