Politika -
Bakegintza Plana
Uriarte izango da giza-eskubideen urraketen maparen egileetako bat
Donostiako gotzain ohiaz gain, Manuela Carmena epaileak, Ramon Mugicak eta Jon Mirena Landa Zigor Zuzenbideko irakasleak ere parte hartu dute txostenean.
Erredakzioa
Jonan Fernandez Bake eta Elkarbizitza idazkari nagusiak iragarri zuenez, Eusko Jaurlaritza txosten bat egiten ari da euskal gatazkarekin lotuta 1960 eta 2013 artean izan diren giza-eskubideen urraketa kasu guztiak jasotzeko.
Txostena egin duten pertsonen izenak sekretupean gordetzen bazituzten ere, Noticias Taldeko hedabideek gaurko edizioetan jakinarazi dute Juan Maria Uriarte Donostiako gotzain ohiak, Ramon Mugica abokatuak, Jon Mirena Landa EHUko Zigor Zuzenbideko irakasleak eta Manuela Carmena epaileak osatzen dutela taldea.
Uriarte monsinoreak aurreko bake prozesuetan parte hartu du; izan ere, bitartekari lanak egin ditu Espainiako Gobernuaren eta ETAren artean, eta ezagunak dira Elizatik bakea sustatzeko egin dituen ahaleginak.
Jon Mirena Landak ere egin izan ditu lanak alor honetan, Eusko Jaurlaritzaren giza-eskubideen zuzendaria izan baitzen Joseba Azkarraga (EA) Justizia sailburu zenean.
Ramon Mugica, berriz, Estatuaren abokatua da eta PPren zinegotzia izan zen Bilbon.
Ostiral honetan emango diote giza-eskubideen urraketa "guztiak" jasoko dituen txostena Iñigo Urkullu lehendakariari, aipatu iturrien arabera.