Politika -
EAJ-PSE negoziazioa
Agirrezabala: 'Deigarria da bazkide gisa EAJk EH Bildu baztertzea'
EAko buruzagiak iragarri duenez, "azken asteetako mugimenduen arabera, EAJk eta PSEk batera gobernatuko dute azkenean".
Erredakzioa
Juanjo Agirrezabala EAko buruzagiak adierazi duenez, "azken asteetako mugimenduen arabera, EAJk eta PSEk batera gobernatuko dute azkenean". Halaber, Agirrezabalak azpimarratu duenez, "deigarria da alderdi jeltzaleak bazkide gisa EH Bildu baztertu izana aldez aurretik".
Agirrezabala Donostian izan da, eta aktualitate politikoari buruz mintzatzeko prentsaurrekoa eskaini du.
EAJren eta PSEren arteko lankidetza hura EH Bilduko kideek hauteskunde-kanpainan iragarri zuten jada, Agirrezabalak gogora ekarri duenez. Halaber, Ramon Jauregui PSOEko diputatuak atzo egindako adierazpenak ere "norabide berekoak dira".
"Deigarria da EAJ alderdi guztiekin adosteko gai izatea, EH Bildu salbu", deitoratu du, "ez dut esan nahi negoziazio prozesu baten ostean, akordioak lotu ez izatea, baizik eta aldez aurretik EH Bildu bazkide gisa baztertzen duela".
Bestalde, Espainiako eta Frantziako Estatuen "urrats falta" aipatu du, eta Mariano Rajoyren Gobernua "bake prozesua eta normalizazio politikoa ari da beti ere oztopatzen".