Politika -

Herriko tabernen auzia

Urriaren 17an hasiko da HB, Batasuna eta EHren aurkako makroepaiketa

Besteak beste, Arnaldo Otegi, Joseba Permach, Joseba Alvarez eta Rufi Etxeberria daude auzipetuta.

Arnaldo Otegi, Bateragune auziko epaiketan. Argazkia: eitbcom
Arnaldo Otegi, Bateragune auziko epaiketan.
Arnaldo Otegi, Bateragune auziko epaiketan. Argazkia: eitbcom

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak urriaren 17an ekingo dio ezker abertzaleko 40 kide epaitzeari. Besteak beste, Arnaldo Otegi, Joseba Permach eta Rufi Etxeberria epaituko dituzte, Batasuna ETAren mende egotea eta Herriko Tabernen bitartez ETA finantzatzea egotzita. Otegi ETAko kidea izateagatik zigortu zuten Bateragune auzian eta horrek delitu beragatik berriro epaitzea oztopatuko luke, iturri juridikoen arabera.

40 akusatuentzat, 8 eta 12 urte arteko kartzela zigorrak eskatu dituzte, ETAko kideak izatea edo ETAri laguntzea leporatuta. Horrez gain, 110 Herriko Tabernaren aurkako epaiketa ere izango da.

2002ko apirilean, Poliziak 11 lagun atxilotu zituen, Herriko Tabernen bitartez ETA finantzatzeko plan bat egitea leporatuta. Baltasar Garzon epailearen aginduz, 75 herriko taberna bahitu egin zituzten.

Epaiketa Joseba Alvarezen deklarazioak irekiko du, urriaren 17an. Epaileak azaroaren 18ra bitartean entzungo ditu lekukoen deklarazioak. Egun horretan, Otegiren txanda izango da. Ondoren, Herriko Taberna guztien arduradunek deklaratu beharko dute, eta horrek otsailera arte luzatuko du epaiketa.

Epaia

Auzitegi Nazionalaren gai penaletarako gelak aurrekoan argitaratu zuen epaian zehazten zenez, Terrorismoaren Biktimen Elkartearen eta Dignidad y Justicia taldearen froga guztiak onartu dituzte; ez ordea, defentsak aurkeztutako guztiak. Ezker abertzaleko ia 40 kideren defentsek eta 100 Herriko Tabernak baino gehiagok aurkeztutako frogen gehiengoa onartu dute, baina ez guztiak.

35/02 makrosumarioa 2002ko martxoan abiatu zuen Baltasar Garzon epaileak. Ia sei urtez izapideak egin ostean, epaileak Batasuneko 40 kide auzipetzea erabaki zuen, Herriko Tabernen bidez ETA finantzatzea egotzita.

Auzipetuen artean, ezker abertzaleko hainbat kide daude, tartean, Arnaldo Otegi (Bateragune auziagatik espetxean), Joseba Permach, Joseba Alvarez eta Rufi Etxeberria.

Bi aldeek emandako frogak onartu ostean, Auzitegiak ahozko epaiketa urriaren 17an hasiko dela jakinarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea