Politika -

Bateragune auzia

Arnaldo Otegik espetxean jarraituko du

Auzitegi Konstituzionalak errefusatu egin du Bateragune auziko kondenatuak helegiteak ebatzi arte behin-behinean aske uztea.

Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagia. EFE
Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagia. EFE
Bateragune auziko bost auzipetuek kartzelan jarraituko dute

1:03

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruak, Rafa Diez LABeko idazkari nagusi ohiak eta Bateragune auziko beste hiru kondenatuek espetxean jarraituko dute oraingoz. Izan ere, Auzitegi Konstituzionalak errefusatu egin du horien helegiteak ebatzi arte zigorrak behin-behinean baliogabetzea.

Duela hilabete, Konstituzionalak kondenatuen helegiteak tramitatzea onartu zuen, eta, gainera, beste atal bat ireki zuen, horiek ebatzi arte bost buruzagi abertzaleak behin-behinean aske uztea aztertzeko.

Defentsek behin-behinean aske uztea eskatu zuten Konstituzionalean, "babes helegiteak helburua gal ez dezan", hau da, "helegiteak zigorra beteta dutenean ebaztea saihesteko", Jone Goirizelaia abokatuak azaldu zuenez, dagoeneko zigorraren erdia baino gehiago bete baitute.

Fiskaltzak espetxean mantentzea eskatu zuen, egotzitako delituek "garrantzi sozial handia" dutela argudiatuta.

Konstituzionaleko lehen aretoko epaileek autoan azaldu dutenez, kondenak behin-behinean baliogabetzeko, 5 urtekoak baino txikiagoak izatea erabili ohi dute irizpide gisa, eta, kasu honetan, sei urte eta sei urte eta erdikoak dira.

Halaber, egotzitako delituaren "larritasuna"ri ere erreparatu diote: "Aintzat hartu behar dugu erakunde terroristako kide izateagatik kondenatu dituztela".

Orain, Konstituzionalak helegitea aztertuko du, baina eragin handiko nobedade batekin: asteon berritu egingo dute auzitegia, eta progresistek gehiengoa galduko dute, kontserbadoreen alde.

KONDENAK

Duela urtebete, Otegi eta Diez espetxean mantentzea erabaki zuen Gorenak, baina 10 urtetik sei eta erdira murriztu zuen Auzitegi Nazionalak ezarritako kartzela zigorra. Era berean, 8 urtetik 6ra jaitsi zien gainerako kondenatuei (Miren Zabaleta, Sonia Jacinto eta Arkaitz Rodriguez).

Epaian, Gorenak frogatutzat eman zuen kondenatuak Batasuna berriz osatzen saiatu zirela, ETAk hala aginduta, Bateragune izeneko talde baten bitartez. Hori dela eta, erruduntzat jo zituzten, erakunde terroristako kide izatea egotzita.

Auzitegi Nazionalean egindako epaiketan, baina, auzipetuek ETAren indarkeriaren aurka egin zuten, eta ukatu egin zuten Bateraguneko kide izatea. Are gehiago, Bateragune "Ekinen barne egitura bat" zela azaldu zuten.

Azken adierazpena egiteko txandan, Arnaldo Otegik ETAren indarkeria "soberan" zegoela eta "oztopo" zela adierazi zuen. Gainera, "indarkeria armatuaren behin betiko amaiera" eta "egitura militarrak desegitea" babestu zuen.

Rafa Diezen esanetan, auzipetuek indarkeriaren amaierari buruzko eztabaida sustatu zuten ezker abertzalearen baitan, "modu autonomoan" eta "inoren menpe egon gabe".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi berriak