Politika -
Bilera egin dute
EAJk eta PSEk lantaldeak sortuko dituzte akordioak lortzeko
EAJk eta PSE-EEk lau lantalde sortzea adostu dute gaur, uda aurretik fiskalitatearen, egoera ekonomikoaren, erakundeen erreformaren eta politika eta zerbitzu publikoen inguruan akordioak lortzeko.
Erredakzioa
EAJk eta PSE-EEk lau lantalde sortzea adostu dute gaur, uda aurretik fiskalitatearen, egoera ekonomikoaren eta langabeziaren, erakundeen erreformaren eta politika eta zerbitzu publikoen inguruan akordioak lortzeko. Halaber, bi alderdien arteko koaliziozko gobernua osatzeko negoziazioa denik ukatu dute.Joseba Egibar EAJko Legebiltzarreko bozeramailea eta Idoia Mendia PSE-EEko Batzorde Exekutiboko bozeramaileak prentsa agerraldia egin dute gaur Eusko Legebiltzarren, bi alderdiek ekonomiaren inguruko neurriei buruzko akordioak lortzeko egin duten bileraren ondoren.Horrela, alde batetik, Egibarrek jakinarazi du lau lantalde sortzea adostu dutela, eta espero du uda aurretik itunak lortzea. Gainera, negoziazioari ekiteko sozialistek agertu duten "borondatea" nabarmendu du.
Akordioak noraino iritsiko diren galdetuta, Egibarrek argi adierazi du ez duela "baztertzen" ahalik eta zabalenak izatea, Iñigo Urkulluren Jaurlaritzari egonkortasuna emateko modukoak.
Hala ere, Mendiak ez du halakorik espero, eta azpimarratu duenez: "Sozialistok ez dugu Urkulluren Jaurlaritza salbatzeko trikimailurik onartuko". Izan ere, PSE-EEren helburua ez da "legegintzaldirako edo Jaurlaritzak koalizioa osatzeko itunak bilatzea", baizik eta EAEk behar dituen "erreforma handiak" adostea, etorkizunari aurre egiteko "bermea" edukitzeko.
"Aurreikuspen faltsuak" sortu nahi ez baditu ere, Egibarrek "herrialdeko gaietan" hitz egiteko eta akordioetara iristeko "borondate politikoa" ikusten du bi alderdietan. Borondate hori lau batzordeetara eramango omen dute, bertan "sekretuan ez, baina isilpean" lan egiteko.
EAJren legebiltzarkideak gezurtatu egin du PSE-EErekin lehentasunezko harremana dutela, eta haiekin negoziatzen ari badira ulermenerako prestutasun gehiago erakutsi dutelako izan dela azpimarratu du.
Dena dela, zerga alorrean gainerako alderdien babesa ere beharko dutela gogorarazi du, Gipuzkoako Aldundia eta Arabakoa EH Bilduren eta PPren esku baitaude. Horren harira, EAJk dagoeneko egin du bilera PPrekin, eta aurki EH Bildurekin elkartuko da, baina fiskalitateaz soilik hitz egiteko.